Planeta kolapso egoerara heltzear dela eta ekofaxismoaren arriskuaz ohartarazten du Carlos Taibok

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko aza. 18a, 09:33
Carlos Taibo eguaztenean Elgetan.

Eguaztenean 40 bat lagun elkartu ziren ESk sindikatuak antolatuta Carlos Taibok Elgetan egindako hitzaldian. Planetaren kolapsoa saihestezin ikusten du pentsalari madrildarrak, eta ekofaxismoaren arriskuaz ohartarazten du. Hainbat gogoeta-ildo planteatzen ditu.

2016an argitaratutako Colapso liburuan jaso zuen lehen aldiz ekofaxismo hitza Carlos Taibok (Madril, 1956). Gaian sakontzen duen Ecofascismo liburua kaleratu du orain. "Ekofaxismoa mugimendu bat da zeinaren bidez klima-aldaketaren ondorioez eta lehengai energetikoen agortzeaz jabetuta munduko klase agintari batzuek nabarmen urriak diren baliabideak gutxiengo batentzat babesteko lanari ekingo dioten", azaltzen du. "Planteamendu horren atzean ideia bat dago: munduan jendea soberan dagoela, eta soberan daudenak baztertzea litzateke helburua –hori egiten dute dagoeneko–. Ekofaxismoaren bertsio muturrekoenean legoke soberan ikusten diren populazio horiek sarraskitzea".

Hainbat gogoeta-ildo

Gaia oinarri hartuta hainbat gogoeta-ildo aurkeztu zituen Taibok Elgetan. "Badakit termino honen eko aurrizkiak harridura ere sor dezakeela; izan ere, aurrizki horrek errealitate osasungarriak edo, gutxienez, errealitate neutroak adierazi ohi ditu (...) Ekofaxismoa ez da proiektu ukatzailea; ez du klima-aldaketa ukatzen. Ekofaxismoa kolapsoari emandako erantzun bat da; hobeto esanda, kolapso modu bat da".

Horregatik dio Taibok ez dela zuzenean eskuin muturreko mugimenduekin lotu behar. Botere politiko eta ekonomiko nagusien baitan ikusten du ekofaxismoaren indar hartzea. "Batez ere, mendebaldeko eliteak ditu gune nagusitzat. Entzuten dudanean norbait esaten –asmo onez, akaso– klima-aldaketari edota lehengai energetikoen agortzeari aurre egiteko neurri autoritarioen alde egin behar dela, dardarka hasten naiz, ikusitakoak ikusita uste baitut neurri horiek nekez izango dituztela helburu filantropikoak edo sozialak. Gutxiengo baten interesen alde izango dira, seguruenez".

Aretoa bete egin zen

Etorkizunean kontrol demografikoa areagotu egingo dela dio Taibok, eta periferiako herriei ateak gehiago itxiko zaizkiela. "Populazioaren %1k kontrolatzen du aberastasunaren %92 eta desoreka egoera horrek ez du atzera egiten", esan zuen.

Bete egin zen aretoa Taibo entzuteko. Gainera, eztabaidarako tartea izan zen amaieran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak