Ozkarbi elkartea da Elgetan bazkide kopuru handiena duen elkartea, eta 2019an egin zuten Ozkarbi Eguna azken aldiz. Berreskuratzeko saiakeran dihardu zuzendaritzak, baina maiatzean egindako deialdian bazkide gutxik eman zuten izena. "Sei edo zortzi bat lagunek eman zuten izena, eta atzeratu egin genuen", azaldu du gaur egun elkarteko presidente den Lierni Mendizabalek. Azaroa maiatza baino urte sasoi hobea izan daitekeela pentsatuta egin dute, berriz ere, Ozkarbi Egunerako deialdia. "Bazkariarekin batera egitarau txiki bat ere prestatu dugu aurreko asteotarako".
Mahai-futbol txapelketa
Gaur, barikua, emango diote hasiera egitarauari. Mahai-futbol txapelketa antolatu dute elkartean bertan. 18:30ean, 12-16 urte arteko umeendako txapelketa jokatuko da. Doan izango da izen-ematea. 19:30ak bueltan emango diote hasiera 16 urtetik gorakoen mahai-futbol txapelketari. Kasu honetan, izen-ematea 4 euro da bikoteko.
2019ko txapelketa arrakastatsua izan zen; 26 bikotek eman zuten izena. Neska-mutikoen artean Urko Lozano eta Arkaitz Errasti nagusitu ziren, eta helduetan Jabier Larrañaga eta Oxel Erostarbe. Antolatzaileek gogoratu dute txapelketa bazkide direnendako zein ez direnendako dela. Unean bertan egingo da izen-ematea.
Ikuskizunak eta dastaketa
Hilaren 11rako Iago magoaren saioa (18:00etan), eta Unai Cantabranaren kontzertua (20.00etan) iragarri dituzte Ozkarbi elkartetik. Sarrera irekia izango da.
Hilaren 18rako, berriz, Baobeer garagardo dastaketa egongo da, 19.00etan. Bost gazta eta ogi ezberdinekin emango dituzte dastatzera Baobeer garagardoak Mikel Irazabalek eta Maite Barrainkuak. Gehienez ere, hogei lagun onartuko dituzte, eta prezioa 5 euro da. Izena lehenbailehen ematea eskatu dute.
Bazkarirako izen-ematea zabalik
Hilaren 26rako, eguerdiko txikiteoa eta bazkaria antolatu dituzte Ozkarbin. Bazkaria 14:30ean izango da: "Betiere, hogei lagunetik gora apuntatzen badira". Hilaren 16ra arteko epea eman dute izena emateko. Prezioa 30 euro da. "Bazkideek eraman ditzakete bikotekidea, lagunak... baina bazkide baten bitartez egin behar da izen-ematea".