Hasi dira datorren urteko egutegia irudikatzen

Xabier Urtzelai 2022ko urr. 28a, 18:39

Ahuntzen lasterketako irteera, aurtengo edizioan.

Denboraldia amaitu barik egonda ere, Debagoieneko hainbat lasterketatako antolatzaileak hasi dira 2023ko lasterketak iragartzen. Aste barruan aurkeztu dute, Elgetan, martxoaren 26an egingo duten Ahuntzen lasterketa.

Mendiko lasterketen denboraldia oraindik ez dute amaitu. Debagoienean, San Silbestre Trail lasterketarekin –abenduaren 31n egingo dute– agurtuko dute debagoiendarrek urtea, eta segituan hasiko dira 2023ko lasterketak. Antolatzaileak, baina, hasi dira datorren urteko egutegiak izango duen itxura irudikatzen.

Elgetan, esaterako, gogotsu daude aurten horren zapore gozoa utzi duen Ahuntzen lasterketaren bigarren edizioa egiteko. Martxoaren 26an egingo dute bigarren edizioa, eta antolatzaile elgetarrak lanean daude jada, aste barruan egin dute lasterketaren aurkezpena. "Azaroaren 1ean zabalduko dugu izen-ematea –herrikrosa.eus–, eta, iaz salgai jarri genituen 200 dortsalak segituan agortu zirenez, parte-hartze kopurua 300 lagunera igotzea erabaki dugu. Lasterketaren ibilbidean ez dugu aldaketarik egingo, 15 kilometro izango ditu, eta 900 metroko desnibel positiboa. Ibilbidea ez da teknikoa, eta lasterketa ez da gogorra, baina bai, komeni da etxeko lanak egitea, apur bat prestatzea", adierazi du Intxortako Ahuntzen taldeko ordezkari Iratxe Alonsok.

Boluntarioei esker

Ahuntzen lasterketako lehenengo edizioa egiteko herritarren babesa izan zuten: "Eta bigarren ediziorako ere beste horrenbeste beharko dugu". Hala, nagusien lasterketan aldaketa handirik ez, baina gazteen probarako 12 urtetik beherakoek ere lasterketan parte hartu ahal izango dute; betiere, gurasoen baimena badute. Guztira, 50 dortsal egongo dira gazteendako, eta haiek bai, egunean bertan eman ahal izango dute izena.

Aloñako Igoera, apirilaren 23an

Elgetakoa ez da proba noiz egingo duten aurreratu duen bakarra: Aloñako Igoerak ere sare sozialetan aurreratu du apirilaren 23an egingo dutela 2023ko edizioa.

Kortazar eta Osa, Madeiran lehian

Domekara bitartean, Golden Trail Serieseko finalak jokatzen dabiltza Madeiran (Portugal). Eta Salomon etxeko ordezkari Oihana Kortazar elgetarra eta Malen Osa oñatiarra munduko mendi lasterkari onenekin batera daude. Kortazar Espainiako ultratrail txapelduna izan berri da, joan den astean Sanabrian lehenengo sailkatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak