Euriaren beldur ziren Elgetan, eta plazako arkupeetan jarri dituzte patata-tortilla lehiaketako mahai guztiak. Eguraldiak, azkenean, eutsi dio eta busti barik egin dira bai patata-tortilla lehiaketa, bai Euskaraldiaren aldeko herri argazkia.
Goibeko Euskaltzaleen Topaguneak Elgetako Euskaraldia batzordearekin elkarlanean antolatua, patata-tortilla lehiaketak gaztetxearen denboretako ezaugarriak izan ditu. Oiharte sargardotegiko upela egon da plazan zintzurrak bustitzeko eta Elgoibarko Mauxitxa txarangak girotu du ekitaldia.
Ostalariak epaile lanetan
Ordubete pasatxoko tartea izan dute parte-hartzaileek tortillak prestatzeko. Egin beharrekoak eginda epaimahaiaren txanda izan da. Maialde jatetxeko Jesus Kalboetxeagak, Lola jatetxeko Maria Cobosek eta Bolatoki tabernako Mari Carmen Salasek egin dituzte epaimahaikide lanak. Hirurak bat etorri dira; tortilla gehienei gatza falta zitzaien.
Tortilla guztiak baloratu ostean sariak hauek izan dira. Tortilla onenaren saria Beheko Kale – 90210 taldeko Gorka Arizmendiarrietak jaso du, tortilla originalenaren saria Azkena eta etxera taldeko neskek eraman dutek eta azken postuan gelditu direnak Pello Larrea, Benito Campos eta Luisan Alkorta izan dira. Praktiktazen jarraitzeko hamar kilo patata eta arrautzak jaso dituzte opari.
Euskaraldiarekin bat
Euskaraldiaren hirugarren edizioa ate joka da eta Elgetako Euskaraldia batzordeak patata-tortilla lehiaketarekin batera egin du lehenengo kale ekintza. Euskaraldiko materiala egon da salgai plazan, eta epaimahaiak erabakia hartu bitartean Euskaraldiaren aldeko herri argazkia ateratu dute elgetarrek. Jende multzoa batu da.
Euskaraldia batzordetik azaldu dute etorriko direla ekintza gehiago ere. Bien bitartean, gogoratu dute batzordea eguaztenean elkartuko dela berriz. Ozkarbi elkartean egingo dute batzar irekia, 18:30ean.