Urteak dira Elgetan patata-tortilla lehiaketarik egiten ez dela. Goibeko Euskaltzaleen Topaguneak antolatu du zapaturako, eta, horrekin batera, sagardo-upela eta Irulita txaranga iragarri ditu. Upela Oiharte sagardotegitik helduko da, eta 17:45ean zabalduko dute, plazan. 18:00etan hasiko da patata-tortilla lehiaketa. Noski, zenbat eta talde gehiagok parte hartu, hobeto. Horregatik, izena ematera animatu dituzte herriko eragileak eta norbanakoak. Interesatuek elgetakogoibeko@gmail.com helbidera idatzi behar dute.
Parte-hartzaileek ordubeteko tartea izango dute tortillak aurkezteko. Orduan helduko da epaimahaiaren txanda. Sari banaketa 19:30ean izango da, eta, jarraian, Irulita txarangak, zezenek eta buruhandiek girotuko dute festa.
Euskaraldiko argazkia
Udazken Jaia baliatuko du Elgetako Euskaraldia Batzordeak lehen kale ekintza egiteko. Euskaraldiaren aldeko argazkian parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak, 19:00etan. Euskaraldian izena emateko aukera ere izango da, eta horrekin batera Euskaraldiko materiala erosteko postua ere bai.