Herriko ekoizleek hartuko dute bihar Mendizaleen Plaza

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko ira. 16a, 12:12
Azoka eguna, pandemia aurretik, Elgetan.

Baserritarren eta artisauen azoka, Intxortako igoera eta tirolina daude iragarrita 10:30etik 13:30ak aldera arte. Hamabost bat postuk osatuko dute azoka. Gehienak herriko ekoizleek ipiniko dituzte. Hiru dira kanpotik etorriko direnak.

Sesto, Zabaleta eta San Antonio baserrietako barazkiak izango dira bihar goizean herriko ekoizleen eta artisauen azokan. Baita ere, Zezeagako ogia, Olatza baserriko eztia, Baobeer garagardo artisaua eta Herri Eskolako zein baratze parkeko ortuetako produktuak. Urtero moduan marokoar gozoak dastatzeko eta erosketa aukera ere izango da –bi postu–, eta horrekin batera Lorena Ibeasen eta Pili Arinen artisautza lanak. Kanpotik etorriko diren ekoizleak dira Elgetako kontsumo taldeko hornitzaile diren Iñigo Gabilondo –Bergarako Zearreta baserrikoa– zein Antzuolako Amatxo gaztak, eta Karlos Heriz berakatz produktuekin.

Ez da baserriko lanetarako uda ona izan honakoa. "Egon den lehorteagatik urte txarra izan da orokorrean", azaldu du Baserritarren batzordeko buru Sebastian Arantzabalek. "Tomatea bezalako produktu batzuk ondo joan dira, baina gainerakoekin gehienetan arazoak izan dira, eta gutxiago ekoiztu da".

Tirolina umeendako

Udaletxeko armarriaren azpian dagoen leihotik ikurrina dagoen plazako izkinaraino hegan egiteko aukera izango dute bihar neska-mutikoek. Azoka zabalik dagoen bitartean egongo da erabilgarri tirolina. Aurretik ere hirutan egonda dago udazkeneko azokan; 2018an, 2019an, eta iaz. Harrera ona izaten du.

Intxortako igoera

Herri mailako erronka polita izaten da Intxortako igoera eta aurten ere ikustekoa izango da. Eleder Lozanok eta Argider Txurrukak dituzte markarik onenak. Lozanok kale egingo du bihar; izan ere, Atxondoko Sorginen Lasterketan parte hartzekoa da. Txurrukak badu parte hartzeko asmoa, baina osasunez pattal dabilela aurreratu du. Hutsik egingo ez dutenak Egizabaldarrak dira. Irteera puntuan izango dira bai Iñaki, bai Martin eta bai Pablo.

Intxortako igoera 11:00etan jokatuko da. 12 urtetik gorakoak irtengo dira ordu horretan Intxortako puntarainoko joan-etorria egiteko. Jarraian egingo da 12 urtetik beherakoen lasterketa. Kasu honetan Salbador ermitarainoko lasterketa egingo dute. Izen-ematea 10:20ean egongo da zabalik plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak