"Gogo handia nabaritu da berriz ohiko martxa hartzeko". Hala adierazi du Elgetako jarduneko alkate Ane Bilbaok. Ganadu azokaren gorabeheratik harago, jaien balorazio "oso positiboa" egin du Udalak: "Azpimarratzekoa izan da lau egunetan herritarrek izan duten parte-hartzea, baita sortu den giroa ere".
Mozorro Egunean "jende asko" mozorrotu zen, Bilbaoren hitzetan; "arrakastatsuak" izan ziren haurren zein erretiratuen bazkariak; eta azken urteetako bideari segika, zapatuko herri bazkaria izan zen ekintzarik parte-hartzaileena: "Eguraldi ona lagun, 550 pertsona batu ginen paella-janean".
Aurrera begira
"Goizegi" da berrikuntzak gelditzeko etorri diren jakiteko: "Baloratu egin beharko dugu, adibidez, zapatuko plazako kontzertura itzuli, edo elektrotxarangaren formatu berriari heldu". Halaber, eta "gazte kuadrilla asko" batu arren, jolas parte-hartzaileetan "jende nagusiagoa ere animatzea" gustatuko litzaiekeela adierazi du Bilbaok.