Itxaso Askasibar: "Plazera sentitzen dut bizikletan nabilenean"

Jon Irizar Aranguren 2022ko uzt. 29a, 12:45
Askasibar, esfortzu betean. (Argazkia: Yon Suinaga)

Haurtzarotik du bidelagun bizikleta Itxaso Askasibar Belar elgetarrak. Lasterketen denboraldia amaitzera doan honetan, afizioaz, egunerokoaz eta txirrindularitzaz aritu da solasean jator.

Txikitatik du Itxaso Askasibar Belarrek (Elgeta, 2007) pedalei eragiteko zaletasuna. 8 urterekin mendiko bizikletarekin hasitako bideari errepidean ari zaio segida ematen. Bolintxo Okindegia-Lana taldeko kadete mailako txirrindularia da gaur egun.

Elgetarako igoerak ondo ezagutuko dituzu...

Ondo ezagutzen ditut, bai. Aldapa behera hasten ditut entrenamenduak, eta sarritan aldapa gora amaitu. Batzuetan, baina, Bergaran gelditzen naiz; etxekoei deitu, eta autoan egiten dut Elgetara bitartekoa.

Zein alderditatik igotzea duzu gustukoen?

Arrasatetik, Kanpanzarko bide zaharretik. Luzeena da distantziaz, baina baita politena ere.

Eta bada inoiz igotzen ez duzun alderdirik?

Soraluzetik, Sagar-Errekatik, inoiz ez dut igo errepideko bizikletan. Jarriz gero, igoko nukeela uste dut, baina aldapa handia dago.

Nondik datorkizu bizikletarekiko zaletasuna?

Txikitatik ibili izan naiz bizikletan. Duela urte batzuk, aitak mendiko bizikletako munduko txapelketa ikustera eraman ninduen Andorrara, eta hangoa ikusita, zera pentsatu nuen: "Nik ere hau egin nahi dut".

Txirrindularitza dedikazio handia eskatzen duen kirola dela esan ohi da. Hala da?

Hala da, baina ondo daramat. Plazeragatik, aisialdiko ordu asko pedalei eragiteko erabiltzen ditut; ez inork horretara behartzen nauelako, nik hala nahi dudalako baizik.

Sakrifizio batzuk ere egin beharko dituzu, beraz.

Beti dago zerbait alboratu beharra. Adibidez, lagunekin jai giroan nagoenean ezin izaten dut ordu txikiak arte gelditu lasterketaren bat badut. Baina lasterketan bertan gozatzen dudanarekin, gustura egiten dudan zerbait da. Beste kontu bat da, ordea, joan den egubakoitzekoa: San Martzialgo Igoera ostean taldekideak Antzuolara joan, goiz erretiratu domekan lasterketa genuelako... eta beroagatik proba bertan behera gelditzea.

"Lehiatu nahi badugu, sarritan mutilekin aritzea izaten da gure aukera bakarra"

San Martzialgo Igoera aipatuta, bosgarren izan zinen, podiumetik hamaika segundo eskasera.

Sorpresa izan zen niretzako ere!

Eta denboraldia nola doa?

Lehen urteko kadetea naizela kontuan hartuta, ondo ari naizela uste dut. Geroz eta proba gehiago izaten diren arren, esan beharra dago gure adineko mutilek baino dezente lasterketa gutxiago izaten ditugula. Hala, haiekin ere aritzen gara noizbehinka. Joan zen asteburuan, esaterako, ez genuen beste aukerarik. Zapaturako, emakumezkoontzako proba bat zegoen aurreikusita, baina bertan behera gelditu zen. Ondorioz, domekan Azpeitian gizonezkoekin lehiatu ginen. 50-60 kilometro arteko probak izaten dira, beste erritmo bat izaten da hasieratik… Gogorra egiten zaigu, baina lehiatu nahi badugu, sarritan ez dugu beste aukerarik izaten.

Zeintzuk dira etorkizunera begira dituzun erronkak?

Behetik gora egin dut probaz proba, eta denboraldia nola amaitu dudan ikusita, aurten amaitu dudan maila emanez hasi nahiko nuke datorren sasoia. Bigarren urteko kadetea izango naiz, gainera. Hala ere, udan lasai ibili nahi dut. Ostean jarriko naiz datorrenari begira.

Domekan hasi zen emakumezkoen lehen Frantziako Tourra. Ari zara jarraitzen?

Bai, bai, jarraitzen dut emakumezkoen txirrindularitza. Eta Tourra izanik, ari naiz ikusten, noski.

Eta faboritorik?

Annemiek Van Vleuten aurrean ibiliko da, ziur. Elisa Longo Borghini ere ikusten dut podiumean. Eta adi Marianne Vos-ekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak