Azken egunak liburutegian udako irakurketak mailegatzeko

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko uzt. 27a, 09:00

Udako oporrak direla-eta uztailaren 29an itxiko ditu ateak liburutegiak, eta irailaren 7an zabalduko ditu berriz. Gaur egun, eleberri beltza eta eleberri historikoa dira elgetar erabiltzaile askoren aukera udarako.

Hauek dira azken egunak Elgetako liburutegian abuzturako maileguak egiteko. "Ohiko mailegu epea 21 egunekoa izaten da, baina, abuztuan liburutegia itxita egongo denez, egunotan irailerako ema- ten ditugu maileguak", azaldu du liburutegiko arduradun Geaxi Ezpeletak.

Erritmo aldaketa sumatzen dela ere azaldu du. "Neguan mailegu kopurua handia izaten da, eta udaberrian jaitsi egiten da uztailean berriro ere igotzeko. Erabiltzaile kopurua neguan baino txikiagoa da uztailean, baina mailegu kopurua igo egiten da udaberriarekin alderatuta. Horrek esan nahi du dauden erabiltzaileek mailegu gehiago egiten dituztela".

Genero aukeraketari dagokionez, neguko dinamika jarraitzen dela dio. "Une honetan eleberri beltza eta historikoa dira gehien mailegatzen direnak. Liburu eramangarriak eta irakurtzeko errazak lehenesten ditu jendeak. Irakurketa sakonak negurako izaten dira gehiago". Euskarazko liburu arrakastatsuena, oraindik ere, Amets Arzallusen eta Ibrahima Balderen Miñan dela dio.

Eskaintza digitala ere bai

Pandemian digitalak gora egin zuen Elgetan ere. "Erabiltzaile berri asko sortu ziren. Dena den, iaz itzuli ginen hemen pandemia aurreko kopuruetara. Erabiltzaile gehiago daude orain eLiburutegia erabiltzen dutenak, baina paperezkoa ere mantendu egin da. Gure kasuan bai behintzat". Etxeko ordenagailu, tableta eta sakelakotik jaitsi daitezke liburuak eLiburutegitik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak