Elgeta eta Kanpanzar arteko GI-2639 errepideko hamar bihurgunetan egingo ditu lanak Aldundiak

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko uzt. 20a, 13:57

Bihurgune horietan sei metroko zabalerako plataforma lortzeko jardunak egingo dituztela jakinarazi du Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek. Elgetarrendako albiste oso ona dela ziurtatu du jarduneko alkate Ane Bilbaok.

Elgetako udaletxean gaur goizean egindako agerraldian eman dute proiektuaren berri Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek eta Plangintza eta Ustiapeneko zuzendari nagusi Mikel Uribeetxebarriak.

 

Hamar bihurgunetan lanak egitea da aurreikusten dena. Mendiko errepidea da Elgeta eta Kanpanzar lotzen dituen GI-2639 baina ibilgailu astun joan-etorria handia da eta horrek hainbat egoera arriskutsu eta kexa eragin ditu aspaldiko urteetan erabiltzaileen artean. Elgetako Udalak ere behin baino gehiagotan eskatu du irtenbide bat errepide horrendako.

 

Oiarbidek adierazi du azterketa bat egin ostean errepidearen puntu kritikoak identifikatu dituztela. "Batez ere sei metro baino gutxiagoko zabalera duten bihurguneak dira. Errepide horrek 6,5 kilometro ditu eta bidearen zabalera zenbait puntutan estua denez arazoak sortzen dira bi ibilgailu gurutzatzerakoan; bietako bat ibilgailu astuna denean, batez ere". Azaldu du batez beste 800 ibilgailuk erabiltzen dutela GI-2639 errepidea egunero, eta horietatik %15 dela ibilgailu astuna.

 

Bi hobekuntza mota

 

Oiarbidek eta Uribeetxebarriak azaldu dute zein hamar bihurgunetan egingo dituen lanak Aldundiak, eta zehaztu dute bi hobekuntza mota daudela aurreikusita. "Sei metroko plataforma lortzeko jardunak egingo dira; kasu batzuetan mendiari hartuko zaio espazioa, eta beste batzuetan betelanak egingo dira zabalera handitzeko. Aurreikusita dago, baita ere, bide bazterrean dauden euste elementuak atzeratzea errepideari zabalera handiagoa emateko".

 

Oiarbidek azaldu du Aldundiko teknikariak hobekuntza proiektua idazten ari direla, eta aurreikusten dela urrian jartzea informazioa jendaurrean. Alegazioak aurkezteko tartea etorriko da ondotik. Gauzak ondo bidean lanak otsail alderako abiaraziko lituzkete. Aurrekontua eta lanen iraupena proiektua idatzitakoan jakingo da. "GI-2639 errepideak duen geometria eta ezaugarriek asko mugatzen dituzten bertan egin daitezkeen aldaketak, baina aurreikusten ditugun lan horiek nabarmen hobetuko dute Elgeta eta Kanpanzar arteko ibilgailuen joan-etorrien segurtasuna".

 

Kanpanzarreko bidegurutzean ere lanak laster

 

GI-2639 errepideak duen beste puntu gatazkatsu bat Kanpanzarko bidegurutzea da. Hau ere erabiltzaileen urteetako eskaera da. Oiarbidek jakinarazi du elkarlanean direla bi Aldundiak eta Bizkako Foru Aldundia lanean ari dela bidegurutzeari ikusgaitasun handiagoa emateko. “Proiektua lantzen ari dira eta egunotan jasoko dugu”. Asmoa da parrillak dauden berdeguneari lur zatia kentzea Bizkaia alderako ikusgaitasuna handitzeko.

 

Albiste "oso ona" Udalarendako

 

Elgetako jarduneko alkate Ane Bilbao agerraldian izan da eta modu oso positiboan baloratu du lanak egitea. "Errepide horretan ez da ezer gertatu baina edozein egunetan gertatu daiteke; ibilgailu astunen joan-etorria handia da eta segurtasun eta ikusgaitasuna eskasa leku askotan. Elgetako Udalak askotan egin du GI-2639 errepidean hobekuntza lanak egiteko eskaera; udal gobernu honek eta baita ere aurrekoek. Ikusiko dugu lanek zer ematen duten, baina albiste oso ona da lanak egiteko proiektua martxan egotea".

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak