Morauren eta Beñardoren kantaldia gaur Ozkarbin

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko uzt. 15a, 10:44

Andoni Tolosa 'Morau' eta Beñardo Goietxe, Hernaniko Rufino tabernan. (Argazkia: Morau.eus)

Bi hilabete eskas dira Ardo disko-liburuak argia ikusi zuela. Ardozaleak dira hiru egileak eta ardofakto bat egin dutela diote. Gaur azalduko dute zertaz ari diren, Ozkarbin. Hala, bueltan dira Ozkarbiren eta Goibekoren formatu hurbileko kontzertuak.

Andoni Tolosa Morau-k, Beñardo Goietxek eta Iñaki Martiarena Mattin-ek ondutako disko-liburua da Ardo. Poesia, musika eta ilustrazioa batzen ditu eta ardofaktu moduan izendatu dute. "Izena Ardo bada ere, gaia ez da ardoa. Gu ardozaleak gara, baina Ardo ez da ardoaren apologia bat. Ardo-rekin ari gara ardoa egiten dutenez, bizi dutenez, ardoaz bizi direnez... Pertsonei buruz ari gara", dio Morau-k.

Ikus-entzuleek Morau-ren eta Beñardoren umorea, samurtasuna eta folk-pop musika aurkituko dituzte gaur Ozkarbi elkartean, eta baita ardoarekin lotutako hainbat kontu eta komeria ere.

Gai unibertsala

"Gai unibertsala eta emankorra da ardoa. Ardoari kantatu diote artista, poeta, musikari, margolari eta zinemagile askok kultura eta garai guztietan. Idazten hasi nintzenean konturatu nintzen zergatik", azaldu du Morau-k. "Hamaika mila alde ditu eta jendaurreko emanaldiak egiteko ere askotariko aukerak ematen ditu. Egin ditugu kantaldiak, ardo dastaketa musikatuak, emanaldiak bodegetan, kantu-poteoren bat ere bai... Paleta asko zabaltzen da eta guztietan harrera oso ona jaso dugu", azpimarratzen du.

Kantu erritmikoak eta alaiak

Morau eta Beñardo ezagutzen dituztenek badakite estilo propioa dutela, eta umoretik asko. Folk eta pop doinuekin izango dira Elgetan, eta gertuko formatuan: bi gitarra eta bi ahots. "Elgetako kontzertua berezia izango da. Jendea hain hurbil edukitzeak aukera handiak ematen ditu, eta, elkarte batean izanda, egongo dira sorpresak. Elgetan sarri egondakoa naiz; jo izan dut gaztetxean eta Espaloian ere bai. Ozkarbi elkartea ez dut ezagutzen, baina argazkiak ikusi ditut eta txoko oso polita dute. Desiratzen nago. Elgetan jo izan dudanean beti izan da giro aparta".

Kontzertua 19:00etan hasiko da; sarrera da bost euro.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak