Neska-mutikoak, gustura udaleku irekietan

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko uzt. 6a, 09:00
Udalekuetako gazteak Asentzion.

2022ko udaleku zerbitzuak aurreko astelehenean zabaldu zituen ateak, eta, lehenengo astea izanik ere, asko izan ziren burututako ekintzak. Bigarren astea ere martxan da honezkero. Elgetako jaien etorrera prestatzen eman zuten denbora dezente lehen egunetan; aste honetan, San Fermin jaien txanda izango da.

"Pozik gabiltza. Lehenengo egunetan, gainera, eguraldia lagun izan dugu, eta gogotsu etorri dira neska-mutikoak", azaldu du udalekuetako hezitzaile Nerea Villak. Azkenean, sei taldetan banatu dituzte umeak: "Gurasoek egindako proposamena aintzat hartu dugu, eta 2 urteko gelako umeen taldea ere osatu dugu. Orain ez daude 3 eta 4 urteko umeekin batera". Erabiltzaile gehienak 09.00etarako heltzen direla gaineratu du Villak. "Sarrera malgua dugu, eta aurten gutxi dira 10:00etan etortzeko aukera egin duten familiak".

Sanferminak prestatzen

Ferixa Nagusiko jaiak pasata aste honetan, sanferminen txanda izango da. Maskarak, zezenak eta San Fermin eguneko entzierroa prestatuko dituzte egunean bertan zuri-gorri jantzi eta festa egiteko. "Aurreko urteetan bezala, lehenengo mailatik aurrerako taldeekin San Roke kalean zehar entzierroa egingo dugu. Bertan neska-mutikoek korrika egiteko aukera izango dute San Roke kaleko hasieratik plazaraino. Gero, zezenaren buruhandiarekin plazan jolasteko aukera izango da. Ondoren, frontoira edo kantxara joango gara txikienekin entzierro txikia egiteko". Eguraldiaren arabera aldaketak egon daitezke.

Aire zabaleko ekintzak

Oihana da aurten udalekuetako gaia eta horren araberakoak dira ekintzak. Jolasei dagokienez, zikin jolasak, ur jolasak, animalien lasterketa, ez dadila globoa erori jolasa, ginkanak, altxorraren bila, txabolak egiteko irteerak eta punteria jolasak izango dira, besteak beste. Horma-irudi bat egiteko asmoa ere badago.

Txangoak inguruko naturaguneetara

Aire zabaleko ekintzak lehenetsiko dituzte aurten ere udalekuetan. Hala, Larrabilzearra, Salbador, Azula eta Asentzio izango dira ekintza askoren gune. Aste honetan bertan Asentzioko putzuan arrantzan egin dute hainbat neska-mutikok. Bertako landareak eta xomorroak aztertzeko eta biltzeko aukera ere izan dute. 

Erlazionatuak

Elgetako udalekuak 2022, lehen asteko irudiak

Larraitz Zeberio Lekuona 2022 uzt 06 Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak