Elgetan irabazita, Laso izango da San Fermin torneoko bigarren finalista

Hasier Larrea 2022ko uzt. 3a, 19:15

Buruz buruko finaleko protagonista berberak izango ditu uztailaren 7an jokatuko den San Fermin torneoko lauterdiko finalak. Peña II.ak ezin izan dio Unai Lasori amaierara arte eutsi (22-15). 

Ferixa egunak pilota partidu profesionala ekarri du Elgetara.  Frontoia lepo beteta, binakako norgehiagokarekin hasi da jaialdia. Artolak eta Imazek 22-20 menperatu dituzte Jaka eta Mariezkurrena, tanto eder askoak utzita. 

Estelarrean San Fermin torneoko finalerdia jokatu dute Lasok eta Peñak. Baikoko bi pilotaririk onenak izan dira torneo honetan, eta tiki-taka handiko neurketa jokatu dute. Aldi batzuetan markagailuan aurretik izan da Laso, eta besteetan Peña II.a, baina azkenerako tanto dezente egin ditu erreskadan buruz buruko txapeldunak, eta Peñak amore eman behar izan du. Iruñean, ostegun goizean, Ezkurdiarekin neurtuko ditu indarrak. Buruz burukoaren arantza kentzera joango da arbizuarra, errebantxarako gogoz; Laso, berriz, bere aurtengo palmares ederrean beste garaikur bat gehitzeko ilusioz.  

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak