Elgetan ere San Juan sutan erre dituzte txar guztiak, tartean pandemia

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko eka. 24a, 18:56

Berezia izan zen San Juan bezpera Elgetan ere. Xaibor DJ, Maala guraso elkarteak banatutako ogitartekoak eta San Juan sua zeuden iragarrita. Sua piztu aurretik indar handiko ekaitza bota zuen, baina ez zituen elgetarrak kikildu eta atertutakoan sua piztu eta salto egin zuten haren gainetik.

Batek baino gehiagok bustita amaitu zuen atzo. Lehenengo eta behin Xaibor DJren saioan izerdi patsetan ibili zen bat baino gehiago. Umeek gogoz egin zuten dantza eta helduak gustura egon ziren begira. Ogitartekoen txanda izan zen gero. Maala guraso elkarteak banatzen ditu San Juan bezperan eta goxoak zeuden aurtengoak ere. Mahai batekin izandako istripu txiki batengatik lurrean bukatu zuen batek baino gehiagok baina egon zen afari-merienda egiteko aukera.

Sua piztu aurretik, zaparrada

Ilundu aurretik kolore grisa hartu zuen zeruak Elgetan, eta ekaitzak jo zezakeela nahiko argi ikusten zen. Sekulako euri jasa bota zuen azkenean sua pizteko unea etorri aurretik; trumoiak eta tximista ere izan ziren. Blai eginda amaitu zuen batek baino gehiagok eta baita ere kantxa ondoko zabalgunean prestatutako egur piloak.

Dena den, pasa zen ekaitza eta elgetarrak San Juan sua pizteko borondate osoarekin jarraitzen zuten. Hala, lortu zuten piloak su hartzea eta hala nahi izan zuenak aukera izan zuen gainetik salto egiteko.

Pandemia erre zuten

Berezitasun bat izan du San Juan suak Elgetan. Ludotekako Nerea Villarekin batera panpin bat egin zuten hainbat neska-mutikok sutan erretzeko asmoarekin. Pandemia iruditzen zuen eta askotariko mezua itsatsi zizkioten soinean. Egur piloaren goiko puntan jarri zuten garrek erre zezaten. Hala, Elgetan erre egin duten pandemia.

Erlazionatuak

Sanjuanak 2022 Elgetan, argazkiak

Larraitz Zeberio Lekuona 2022 eka 24 Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak