Baiko enpresaren bi pilota partida hartuko ditu Elgetako Udal Pilotalekuak domekan: batetik, San Fermin torneoko Baikoren adarreko lau eta erdiko finalerdia; eta, bestetik, binakako partida. Jaialdia telebistaz jarraitu ahal izango dela aurreratu du Ibai Etxaniz Kirol zinegotziak.
Unai Laso Elgetan
Egubakoitzean Irunen jokatuko dute Laso eta Artolak torneoko final-laurden bat eta irabazlea Elgetan jokatuko den finalerdietarako sailkatuko da. Hark Peña II.a izango du aurkari.
Binaka, berriz, lehen bikotea ez dago itxita. Irungo lehiako galtzaileak Imaz izango du atzelari, eta Jaka eta Mariezkurrena II.aren aurka lehiatuko dira. Hortaz, bi partida horietako batean jantziko da zuriz buruz buruko txapeldun Unai Laso.
Sarrerak Baikoren webgunean eta Bolatoki jatetxean eskura daitezke. Berrehun sarrera jarri ziren salgai Bolatokin, eta joan den eguenean, ehundik gora salduta zeuden.