Momentu honetan, Abiatu gailua duten gidari gipuzkoarrek gastu muga bat dute AP-8a eta Arabako AP-1a erabiltzeagatik: hilean 50,93 euro ordaintzen dituzte gehienez. Beherapen hori aplikatzeko, jatorria edo helmuga Gipuzkoan egon behar da. Dena dela, salbuespen bat ere badago: Ermuko lotunea. Ibilbidearen bi muturrak Bizkaian kokatu arren –adibidez, Ermutik Bilbora joanda– deskontua aplikatzen da; izan ere, Aintzane Oiarbide diputatuaren esanetan, Eibarko gidari askok, herria zeharkatu beharrean, Ermuan hartzen dute autobidea.
Bada, Abadiñoko lotuneak ere Emukoaren baldintzak izango ditu datorren urtetik aurrera. Horrek esan nahi du elgetar bat Elorriotik joan ahalko dela Bilbora eta gehienezko gastu horretan konputatuko duela. Gauza bera gertatuko da Kanpazarretik Bilbora joaten direnekin ere, Elorrion autobidea hartuta.
Abiaturen deskontu eta gastu-mugak
2015ean indarrean sartu zenetik, Abiatuk deskontuak eta hileko gastu-mugak eskaintzen dizkie AP-8 eta AP-1 autobidea erabiltzen duten gipuzkoarrei. 34,47 euroko gastu muga dute hilabetean Gipuzkoan ibiltzen direnek eta 50,93 eurokoa Bizkaian eta Araban ere ibiltzen direnek.