Giro ederra frontenis txapelketaren bueltan

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko eka. 4a, 10:30

Frontenis txapelketa, zapatuan, Elgetako frontoian. (Argazkia: Iratxe Bravo)

Egunotan jokatuko dira gizonezkoen txapelketako final-laurdenak. Sakabanatuta jokatuko dituzte. Horiek erabakitakoan adostuko dira finalerdiak eta finalak jokatzeko eguna eta ordua. Antolatzaileak oso pozik dira txapelketak orain arte emandakoarekin.

Guztira, 28 bikote aritu dira nor baino nor gehiago Elgetako frontenis txapelketan, eta, aste bukaera bakarrean egitekoa bazen ere, luzatu egingo da, azkenean. Elgetako jokalariak ez ezik, Arrasateko, Elorrioko eta Bergarako jendea ere aritu da txapelketan, eta partida estuak egon direla azaldu du antolaketa taldeko Iratxe Bravok.

Parte-hartzaile kopuru polita izan du txapelketak, baina antolatzaileek harmailetan egon den ikusle kopuruarekin eta giroarekin hartu dute ezusterik atseginena. "Oso giro ona sortu da frontoian. Gazte pila elkartu da pilotalekuan, eta oso pozgarria izan da", esan du Bravok.

Antolaketa lanak

Bravok antolaketa lanetara sartu den jende kopurua ere nabarmendu du. "Fronteniseko neskak ari gara, gehienbat, baina esango nuke aurreko edizioetan ez dela hainbeste jende etorri izan. Igarri egiten da, eta eskertzen da. Errazagoa da dena".

Lehen jardunaldia, bi egunekoa

"Zapatuan jende asko etorri zen frontoira, eta egun osoko jardunaldia izan zen. Giro bikaina egon zen eta balorazio oso positiboa egiten dugu. Berezia izan da; izan ere, denbora epe bat jarri genuen partida bakoitzerako: hogei minutu. 08:00etatik 21:00ak ingurura arte partidu bat beste baten atzetik etenik gabe. Domeka goizean, berriz, eguerdira arte. Lehiarik ez da falta. Ez dakit zergatik, baina pilota asko eta asko apurtu dira. Atera kontuak!".

gizonezkoen txapelketan final-laurdenak jokatzeko daude. Emakumezkoen txapelketa aurreratuago doa eta finalaurrekoak dituzte jokatzeko. Aurrera egin duten bikoteak honakoak dira:

Emakumezkoen txapelketa 

• Ihintza Imaz / Lierni Asurabarrena

• Iratxe Bravo / Irune Errasti

• Mireia Rubio / Maitena Mañarikua

• Rakel Zamaioa / Idoia Serna 

Gizonezkoen txapelketa 

• Eñaut Aranzeta / Enrike Elkoro

• Mikel Arkarazo / Eneko Ojanguren

• Ganix Belamendia / I. Azkarraga - Urizar

• Christian Rodriguez / Iñaki Kortabarria

• Josu Mañarikua / Beñat Arabaolaza

• Eneko Maguregi / I. Unzetabarrenetxea

• Enaitz Solaguren / Xabier Bikuña

• Gontzal Azkarraga Urizar / Unai Hernalttes 

2020ko txapelak

Finalerdiak eta finalak aste bukaera bakar batean eta batera jokatzea da asmoa. "Asteburu honetan Bergarako jaiak dira eta txanda-pasa egingo dugu, baina ez genuke nahi askorik luzatzea kontua. Gelditzen diren partidak lehenbailehen jokatzea da asmoa".

2020rako antolatutako txapelketa da honako hau, eta ordurako prestatutako txapelak jasoko dituzte irabazleek. "Txapelak eginda zeuden, eta ez aldatzea erabaki dugu. Data oso sinbolikoa da. Txapelketa antolatuta zegoen, eta bertan behera gelditu zen. Oroitzapen polita izango dira txapela horiek".

Sariak parte-hartzaile guztiendako

Norica enpresak emandako karabina eta askotariko enpresek eta establezimenduek jarritakoarekin osatutako otarrea zozketatu zituzten zapatuan parte-hartzaileen artean. Horrez gainera, partaide bakoitzak botila ardoa eta poltsa bat jaso zituen.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak