Jose Antonio Ojanguren: "Jarraipena emango diegu betiko ekintzei"

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko mai. 30a, 11:00

Jose Antonio Ojanguren, Ozkarbi elkarteko bulegoan.

Zuzendaritza batzordea berritu dute Xalbadorpe erretiratuen elkartean. Ojanguren da lehendakari berria. Azaldu du 160 bat bazkide dituela elkarteak. Arrazoi asko tarteko, aurreko bi urteak ez dira batere errazak izan, baina urteko batzar orokorra egin ostean martxan da berriz taldea.

Itzuli al zarete pandemia aurreko martxara?

Egia esan, etenaldi handia ekarri du. Aurten, esaterako, atzeratu egin dugu Inauterietako txokolate-jana, baina batzar orokorra egin dugu. Bazkide egiteko hamar bat eskaera genituen, zuzendaritza batzordea ere berritu beharra zegoen...

Bederatzi lagun zineten batzordean, eta orain, sei zarete.

Boluntarioak aurkitzea kosta egiten da, eta estatutuak begiratuta baieztatu dugu gutxienez sei lagunek osatu behar dutela zuzendaritza. Aurretik geundenak gara bost, eta bat sartu da, Valentin Blanco. Azpimarratu nahiko nituzke taldean dagoen giro ona eta zuzendaritzako kideen lanerako prestutasuna.

Hilero ematen duzue podologo zerbitzua. Harrera ona duen ekimena da, ezta?

Ekainaren 20an izango da hurrengoa. Hilean behin egiten dugu, eta podologo bat etortzen da Elgetara, 14:45etik 20:00etara. Hogei lagunendako lekua egoten da, eta beti betetzen da.

Egun osoko irteera aurreikusi duzue jaien osterako.

Uztailaren 6an egingo dugu. Elgetatik Hondarribira joango gara, eta ikusiko ditugu Pasaia, Jaizkibel, eta Guadalupe. Bazkaria Hondarribian izango da. Ekainaren 26an zabalduko dugu izena emateko aukera. Egun berean jasoko dugu urteko kuota. Hamar eurokoa da.

Ikastaroak eta tailerrak antolatzeko asmoa ere baduzue, ezta?

Bai, nahiko genuke halakoren bat egin. Informatika ikastaroa izan daiteke, besteak beste, bankuko kontuak etxetik egiten ikasteko. Arazo handia dugu Elgetan horrekin, baina bilatu behar dugu hori egiteko egokia izan daitekeen pertsona.

Ferixa Nagusiko jaietan egongo da erretiratuen bazkaririk aurten?

Bai, asmo horrekin ari gara lanean.

 

Zuzendaritza batzorde berria

Jose Antonio Ojanguren da lehendakaria, eta Karmelo Errarte lehendakariordea. Lupe Ibarbia idazkaria da, Jesus Mari Berraondo diruzaina, eta Enrike Ormaetxea eta Valentin Blanco bokalak. "Nahiko genuke orain arteko ekintzekin jarraitu, eta ahal dela ikastaro edo hitzaldi bereziren bat egin", azaldu du Ojangurenek. Pozik da taldean dagoen lan giroarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak