Enplegu publikoa egonkortzea eta lanpostuak finkatzea da, besteak beste, sektore publikoko behin-behinekotasuna murrizteko Madrildik datorren 20/2021 legearen xedea. Hori horrela, plantilla organikoaren hasiera bateko aldaketa, Udaleko lanpostuen egonkortze plana eta 2022. urteko lan eskaintza publikoa onartu ditu udalbatzak martitzenean egindako ezohiko udal osoko bilkuran.
Hala, bederatzi lanpostu irtengo dira lehiaketa publikora. Lanpostu horiek dira kontabilitateko administraria, idazkaritzako administraria, liburutegiko arduraduna, ludotekako hezitzailea, kiroleko hezitzailea, hiru garbitzaile lanpostu eta brigadako peoia izateko lanpostu bat. "Egonkortasun legea betetzeko eta Udalean daukagun behin-behinekotasun tasa %8ra mugatzeko –eta, ahal izanez gero, ia-ia hutsera murrizteko–, beharra ikusi dugu lehenagotik lan kontratu bidez laboral bezala beteta zegoen administrari lanpostua desegin eta eginkizun jarduera berarekin funtzionario izaerako lanpostua sortzea", azaldu du Iraitz Lazkano alkateak. Aldi berean, peoi lanpostu berri bat sortuko da. "Badira urte batzuk peoi bat errefortzu bezala kontratatzen dela aldi baterako, baina egonkortzen joan den figura bat izan da", eta hori ere lanpostuen zerrendan sartu dute udal arduradunek. Gainerako zazpi lanpostuak ere deialdi publikora aterako dira.