Eduardo Zubiaurrek Confebask-eko presidente kargua utzi du, behin-behinean

Jon Irizar Aranguren 2022ko mai. 4a, 10:34

Eduardo Zubiaurre, artxiboko irudi batean. (Argazkia: Goiena)

Sortzez eibartarra izan arren, hainbat urtez Elgetan bizi den Eduardo Zubiaurrek Confebaskeko presidente kargua utzi du, behin-behinean. Arrazoi pertsonalak medio, hiru urteko ibiliari eman dio amaiera –2019ko apirilean hartu zuen kargua–, eta Isabel Busto egungo presidente ordeak hartu dio erreleboa.

Arrazoi pertsonalak tarteko, Eduardo Zubiaurre Ariznabarreta Elgetan bizi den eibartarrak Confebaskeko presidente karguan jarraitzeari uko egin dio. 2019ko uztailaren 18an hartu zuen Euskal Enpresarien Konfederazioko kargu gorena, Roberto Larrañagaren erreleboa hartuta. Ia hiru urteko ibiliaren ostean, eta oraindik urtebeteko mandatua gelditu arren, behin-behinean kargua uzteko erabakia hartu du. Hainbat hedabidek adierazi dutenez, Zubiaurreren osasun arazoak izan dira postua utzi izanaren kausa.

Ibilbide luzeko gizona da eibartarra. Jaz Zubiaurre familia-enpresako gerentea izateaz gain, Adegiko presidente izan zen 2006 eta 2012 artean; baita EAJren udalbatzarreko presidentea Eibarren, eta Gu Geu Elgeta plataformarekin, Elgetako zinegotzia 2015 eta 2019 artean.

Isabel Bustok erreleboa

Konfederazioaren estatututan jasota dagoen bezala, joan zen urtetik presidente orde karguan zegoen Isabel Bustok hartuko dio erreleboa Zubiaurreri. Besteak beste, Adegiko presidente ordea eta Gipuzkoako Bazkundeko zuzendaritzako kidea da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak