Debagoienetik igaroko da Itzulia Women lasterketa maiatzaren 14an

Jon Irizar Aranguren 2022ko api. 27a, 11:14

Mundu mailako emakumezko txirrindulari onenak bailarako errepideetatik igaroko dira Itzulia Women lasterketan. World Tour mailako lehen edizio honek hiru etapa izango ditu, eta apirilaren 8an gizonezko lasterkariek egin bezala, Elorriotik Eibarrerako bidean Elgetatik igaroko da tropela bigarren etapan. Maiatzaren 14an, zapatua, izango da.

Lehen aldiz, Euskal Herriko Itzuliak emakumezkoen lasterketa izango du 2022 honetan: Itzulia Women. Apirila hasieran lehiatzen den gizonezkoen lasterketaren pareko, World Tour mailako proba izango da; hots, mundu mailako txirrindulari onenak izango dira Euskal Herriko errepideetan. Atzo aurkeztu zuten lehen edizio honetako ibilbidea, eta bailaratik ere igaroko dira Van Vleuten, Vollering, Longo-Borghini eta enparauak.

Maiatzaren 14an jokatuko den bigarren etapan, gizonezkoek apirilaren 8an egin zuten antzeko ibilbidea egingo dute emakumezkoek azken 40 kilometroetan. Hala, Elorriotik gora, Elgeta zeharkatu, Karabietako gaina igaro eta Eibarrera jaitsiko da tropela. Mallabian hasi eta amaituko da 117 kilometro izango duen etapa.

Ordutegiak, zehazteke

Gasteiz eta Labastida lotuko ditu egubakoitzeko lehen etapak, eta aipatutako bigarren jardunaren ostean, Donostian hasi eta amaituko da domekan hirugarrena. Ibilbidearen nondik norakoak aurkeztu dituzten arren, ez dituzte ordutegi zehatzak adierazi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak