Elgetako erresistentziaren 85. urteurrena gogoan, hainbat ekitaldi gaurtik

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko api. 21a, 11:17

Gerrako umeei eskainitako omenaldia, iaz.

1937ko apirilaren 24an sartu ziren tropa frankistak Elgetan. Aurten, 85 urte geroago baina egun berean, Elgetako erresistentzia gogora ekartzeko egitarau berezia prestatu dute Intxorta 1937 kultur elkarteak eta Elgetako Udalak. Aurretik, gaur hain zuzen ere, 366 egun borrokan Euzkadiren alde liburua aurkeztuko dute (18:30).

Omenaldi ekitaldia antolatu dute hilaren 24rako, domeka. Erresistentziako kideak gogora ekartzeaz gain –soldaduak zein zibilak–, aipamen berezia egingo diete kereilan parte hartutako elgetarrei. Hala, zazpi hilabeteko erresistentzia hartan inguruko mendietan faxismoari aurre egin ziotenak, eta ondorengo egunetan frankismoak eraildakoak omenduko dituzte. Gainera, aipamen berezia egingo diete Frankismoaren krimenak ikertzeko eskaera eginez Elgetako Udalak jarritako bi kereiletarako lekukotzak eman dituzten herritarrei. 2017ko udazkenean aurkeztu ziren kereila kriminalak, Bergarako epaitegian. Hamazazpi lekukotza jaso ziren herrian horretarako propio zabaldutako bulegoan. Hasiera batean, Bergarako epaitegiak tramitera onartu zuen kereila, baina auzitegiko beste epaile batek artxibatu egin zuen ondoren. Argentinako kereila, ostera, zabalik dago.

Omenaldi ekitaldia plazan

Apirilaren 24ko omenaldi ekitaldia Mendizaleen plazan izango da, 12:00etan. Antolatzaileek aurreratu dute lore eskaintza bat egingo dela eta bertan izango direla, besteak beste, Joseba Tapia soinu-jolea eta Kezka dantza taldeko dantzariak.

Egitaraua osatzen duten beste bi ekitaldiak dira 366 egun borrokan Euzkadiren alde delako liburuaren aurkezpena eta Apaiz kartzela ikus-entzunezkoaren emanaldia, ondorengo solasaldiarekin; liburuaren aurkezpena Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenaren Museo-
ko zuzendari Aitor Miñambre
sek egingo du, gaur, hilak 21, udaletxeko areto nagusian. Apaiz kartzela dokumentalaren proiekzioa, berriz, hilaren 27an izango da, antzokian.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak