Euskal Herriko historiarekiko interesa duten dozena bat lagunek hartu zuten parte atzoko bisita gidatuan. Nerea Villa Intxorta Kultur Elkarteko kideak azaldu duenez, "ikasteko gogoz" joan ziren Elgetara Donostia inguruko eta Arabako bisitariak.
Hilabete hasieran aurkeztu zuten proposamena Elgetako Udalak eta Intxorta Kultur Elkarteak. Elgetako erresistentzia gogora ekartzeko egitarau zabala prestatu dute, tropa faxistak Elgetara sartu zirenetik 85 urte pasa diren urte honetan. Egitarau horren baitan kokatzen dira atzoko bisita gidatua eta bihar egingo dena –biharkoa gaztelaniaz izango da–. Horiez gain, beste hainbat ekimen egingo dira hilabetea bukatu bitartean.

Dokumentala eta bisita, atzo
Bisitariek dokumentala ikusi zuten interpretazio zentroan, eta ondoren, mendira joan ziren. Villaren esanetan, behe-laino itxiak ez zien lagundu hasieran: "Lainoa izan genuen, baina eguna argitzen joan zen eta Belgako posizioan geundela, eguzkia nagusitu zen. Horrek aurreko frontea eta paisaia ikusten utzi zigun: Anboto, Aizkorri eta Udalaitz, Txindoki eta Aralarreko mendikatea".
Bisitariei dagokienez, "interes handiko jendea" izan zela azaldu du Villak: "Kanpazargo defentsan egondako hernaniar artillero errepublikanoen oinordekoak ziren batzuk. Arabatik eta Donostia ingurutik etorri ziren, ikasteko gogo handiarekin".
