Piñu-koku enduro martxa, bi aste barru

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko api. 8a, 12:00

2019an egindako martxaren irteera, Mendizaleen plazatik. (Argazkilaria: Jose Antonio Ojanguren)

2019an egin zuten lehena, baina pandemiagatik ez da besterik egiteko aukerarik izan. Hilaren 23an egingo dute bigarrena, 35 kilometroko ibilbidearekin eta 1.500 metroko desnibel positiboarekin. Izen-ematea zabalik da kirolprobak.com atarian.

Piñu-koku enduro taldeko lagunak azken prestaketa lanetan dabiltza buru-belarri. Apirilaren 23an egingo dute Elgetako bigarren enduro martxa eta ibilbide polita gertatu dute etortzera animatzen direnendako. Ez da hasiberriendako ibilbidea; horregatik, erdibide inguruan plazan dagoen anoa puntutik pasako dira parte-hartzaileak eta nork bere aukera izango du erretiratu edo jarraitu erabakitzeko.

Bost jaitsiera potente daude ibilbidean: Azkonabieta tontor ingurutik Arraotzeko bihurgunera, Galdaramiñotik Unbera, Goikomenditik herriko plazara, Intxorta azpitik Lehenengo Errekara eta Santamariñazar punta ingurutik Aixolara. "Galdaramiñotik Unberako jaitsiera Eibarko talde batek prestatu du, eta oso ondo dago. Oso egokia iruditzen zitzaigun gure martxarako, eta haiei baimena eskatuta halaxe izango da", azaldu du Piñu-koku taldeko kide Etor Garatek. Aurtengo beste nobedade nagusietako bat Intxortatik Lehenengo Errekarako jaitsiera izango da. "Berria da, eta guk egokitutakoa. 2019ko martxarako berde zegoen, baina orain prest dago eta iruditzen zaigu gustuko izango dutela etortzen diren rider guztiek".

Parte-hartzaileak 09:00etan abiatuko dira plazatik, eta ez da lasterketarik egingo. "Martxa bat da. Ez da lehenengoendako saririk egongo. Aukera eman digute kronometroa jartzeko, baina ez da gure helburua. Nahiago dugu bakoitzak bere erritmoa eramatea, eta ibilbideaz gozatzea".

 

Izen-ematea zabalik dago

 

2019ko martxan 116 lagun elkartu ziren. Sorpresa izan zen antolatzaileendako, eta, oraingoan, aurrez izena emateko eskatu dute. "Eguraldia erabakigarria izango da, baina pentsatzen dugu antzerako kopuruetan ibiliko garela. Eskertuko genuke aurrez apuntatzea erreferentzia batzuk izateko. Gainditu dugu 50 laguneko langa dagoeneko". Antolatzaileek jakinarazi dute, bestalde, boluntarioak behar direla anoa puntuan egoteko zein bestelako lanetan laguntzeko. Kalkulatzen dute 20-30 lagun beharko direla. Herriko tabernetan eman daiteke izena.

Anoa puntua eta mekanikariak, aurten, plazan

 

Jatekoa eta edatekoa eta Eibarko CDR dendako mekanikari profesionalak izango dira anoa puntuan. Antolatzaileek aurreikusten dute lehen txirrindulariak 11:00 bueltan helduko direla bertara. Jarraitu edo erretiratu aukeran izango dute. Herritarrek ere ikusi ahalko dute halako proba batek zer-nolako mugimendua eragiten duen.

Aixolan egon ziren anoa puntua eta mekanika postua 2019an.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak