Intxortako Ahuntzek makina bat buruhauste ibili dute azken asteetan. Lehen aldia zen mendi lasterketa bat antolatzen zutena, baina egindako lanak eman ditu fruituak eta pozik dira emaitzarekin. "Oso pozik gaude. Dena ondo irten zen, eguraldiak ere asko lagundu zuen, eta jendea pozik ikusi dugu", azaldu du Lozanok. "Azpimarratu nahiko nuke herriak auzolanean egindako lana. Argi gelditu da zelako handia izan daitekeen herri txiki bat!".
Intxortako Ahuntzak Trail taldeko mendi lasterkariei lan egitea egokitu zitzaien domekan, baina pozik dira herrian sortutako giroarekin. "Lasterketa berriz antolatzekotan gaude, eta, ahal dela, urtero. Ea lortzen dugun hurrengoetan herriko enpresa gehiago inplikatzea!".
Lasterketa bizkorra
Parte hartzaile guztien artean hemeretzi elgetar izan ziren domekan irteera puntuan: hamaika Ahuntzen lasterketan eta zortzi Antxumeenean. Ez dira kopuru txikiak. Lasterketa, bestalde, bizkor joan zela uste du Lozanok. "Espero nuen lehenengoa denbora horretan sartzea, baina azkenak hain bizkor sartzea ez. Batez bestekoa oso bizkorra irten da".
Mendi tontorretan zegoen giroa ere polita izan zen. "Goikomendin eta Erdella bazen jendea, baina, batez ere, oso polita izan zen Intxortan halako jendetza ikustea", azaldu du.
Hurrengo edizioetan nesken eta emakumeen partaidetza handitzea dute helburu: "Ez dira kopuru txikiak izan aurten, baina handitzea gustatuko litzaiguke. Ea lortzen dugun". Txikitatik aukera edukitzea eta beste emakume batzuk parte hartzen ikustea dira bide horretan neurri eraginkorrenetako batzuk.
Parte hartzaileak, pozik
"Lasterketa oso polita iruditu zait", esan du Ibai Larrea antzuolarrak. "Paisaiari dagokionez oso ederra, eta trazatuari dagokionez aldapak ez dira asko, baina daudenak oso gogorrak dira". Iritzi berekoak dira beste asko: "Giro ona", "lasterketa polita" eta "bueltatzeko modukoa"; horiek esan zituzten askok.

