Ibai Larrea eta Ane Zabala ahuntz azkarrenak Elgetan

Xabier Urtzelai 2022ko mar. 27a, 15:03

Ibai Larreak  (1:12:06) eta Ane Zabalak (1:32:49) irabazi dute Ahuntzen lasterketa, Elgetan. Eurak ziren proba aurretik faborito, –Antzuolako 8 milietan ere protagonista izan ziren–, eta ez dute kalerik egin.

Ahuntzen lasterketan, lehenengo edizioak emandakoa ederra izan da. Udaberri giroak asko lagundu du, eta tontorretan haizeak gogor jotzen bazuen ere, lasterkariek nabarmendu dute ez duela proban eraginik izan. Gainera, Intxortan bereziki, jende asko batu da korrikalariak animatzeko. 

Elgetako plazan 10:00etan puntuan abiatu dira 200 mendi lasterkariak, eta hasieratik jarri da Larrea aurrean. Goikomendin ere bera izan da lehenengoa –emakumezkoetan ere Zabala pasa da puntu horretatik lehenengoa– eta hasieran "motel" irten direla ikusita, Larreak bere erritmoa jarri du eta bakarrik egin du aurrera. Hala, Elgetan 1.10eko markatik behera egiteko kapaz izango ote zen zain zeuden herritarrak, lasterketako lehenengo erreferentziak izatearren, eta antzuolarrak 2 minutu gehiago behar izan ditu 15 kilometrotako (900 metroko desnibela) lasterketa egiteko: "Probak ez ditu aldapa asko, baina dituenak gogorrak dira, eta giharretan igarri egiten da hori", adierazi du irabazleak helmugan. Zabala ere pozik zen helmugan "Asko gustatu zait ibilbidea eta giro oso ona egon da proban zehar. Gozatu ederra hartu dugu eta orain ea goiza Elgetan borobiltzen dugun, horretara etortzen gara-eta", adierazi du hurrengo erronka Arrasate-Udalatx lasterketan izango duen lasterkariak.

Nagusien probarekin batera gazteena ere egin dute, Antxumeen lasterketa, eta hor Xabat Otazu eta Maddi Barrutia izan dira onenak.

Lasterketako sailkapena hemen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak