Udaberriarekin bat, urteko lehen mendi irteera

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko mar. 25a, 14:48

Elgetar taldea domekan egindako mendi irteeran. (Argazkia: Kantsatzeke Mendi Taldea)

Kantsatzeke Mendi taldean ohiko martxara itzuli nahi dute, poliki-poliki, eta domekan egin zuten urteko lehen irteera. Hemeretzi lagun elkartu ziren Arantzazu eta Zerain arteko bidea egiteko, eta Oiharte sagardotegian borobildu zuten eguna.

Aurten bete dira hamar urte Kantsatzeke Mendi Taldea sortu zutela. Aurretik ere bazen mendi elkarte moduan funtzionatzen zuen taldetxo bat herrian, baina jarduerari elkarte egitura emateko lehen urratsak 2012. urte hasieran egin zituzten. Ordutik, mendi irteera ugari antolatu ditu taldeak. Beste jarduera askotan moduan, pandemiak bat-bateko etenaldia ekarri zuen, baina atzera ere martxan da lantaldea. Otsailean eman zuten ezagutzera 2022ko mendi irteeren egutegia, eta domekan egin zuten lehen irteera. Hemeretzi lagun elkartu ziren, eta elkarrekin eman zioten ongietorria udaberriari.

Mendi irteera eta sagardotegia

Bi txanpako proba izan zen domekakoa. Arantzazun eman zioten hasiera lehenengo zatiari eta ttipi-ttapa Biozkorniako lepora jo zuten. Hori izan zen eguneko aldapa gogorrena. Biozkorniarako bidean Arkaitzera (1.312 metro) igotzeko aukera izan zuten, eta handik aurrera Zerainerako bidea hartu zuen taldeak. "Eguna ondo joan zen", azaldu dute. "Eguraldia kaskar samarra, haize handia eta hotz goian egoteko", baina, esaera zaharrak dioen moduan, gustu- ko lekuan, aldaparik ez.

Mendiko lanak amaituta, eta behin Zerainera iritsita, Oiharte sagardotegian hartu zuen babesa taldeak. Zain zituzten Maite Retolaza eta familia. Bapo bazkaltzeko eta edateko aukera izan zuten mendizaleek. Mahaiaren bueltan zein kupel artean goizean emandakoak berreskuratzeko aukera izan zuten guztiek.

Hurrengo irteera, Urregaraira

Gauzak ondo bidean, apirilaren 24an egingo du hurrengo mendi irteera Kantsatzeke Mendi Taldeak. Urregaraira izango da. Egutegian azken orduko aldaketarik ez badago, gainerako txangoak dira maiatzaren 22an Kruzetara, ekainaren 19an Puttarrira, uztailaren 17an Pagoetara, irailaren 18an Maizara, urriaren 16an Arbarrainera, azaroaren 20an Irukurutzetara eta abenduaren 25ean Intxortara. Azaroko irteerarekin batera baba-jana ere iragarri dute.

 

Zeraingo Oiharte sagardotegian; tartean da Maite Retolaza elgetarra.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak