Bertol Arrieta idazlea eta Amaia Elizagoien ipuin kontalaria Elgetan izan dira aurreko egunotan. Azken nobela aurkezten zarauztarra eta ipuin kontaketa ikastaroa egiten baztandarra.
Ekintza gehiago ere izango dira aurrerantzean liburutegian. Apirilaren 2an ospatuko da Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna eta apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna. Hori horrela, sormen tailerra hasi zuten atzo liburutegian, eta gaur izango dute jarraipena. Apirilean egitekoa den artista liburuen lehiaketarako motorrak berotzeko tailerrak dira. Atzo, HH-3, HH-4 eta HH-5eko geletako neska-mutikoen txanda izan zen eta gaur izango dute aukera gainerakoek. LH-1, LH-2 eta LH-3ko umeek 16:30ean dute hitzordua eta LH-4, LH-5 eta LH-6koek, 18:30ean. Garrantzitsua da aurrez izena ematea, eta gomendioa da heldu baten konpainian parte hartzea, egin beharreko eskulanarekin laguntzeko.
Liburuak plazara
Geaxi Ezpeleta udal liburuzainak apirilaren 29an aterako ditu liburuak kalera. 16:00etan ipiniko du mahaia, plazan, eta bertan, liburutegian aurki daitezkeen argitalpenen lagin txiki bat erakusteaz gainera, eskaintzen diren zerbitzuen berri emango du.
Egun berean, 17:30ean, kale ikuskizuna egingo dute Kontakabiko lagunek. Musikatua den Ipuin katramilatua eskainiko dute. Familian ikusteko saioa da. Aurretik, apirilaren 8an, Ipuinen Ordu berezia egingo dute liburutegian. Hiru taldetan banatuta, HH-3 eta LH-5 bitarteko neska-mutikoendako saioak izango dira.