Gutxienez, bost etxetan sartu dira lapurrak

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko mar. 14a, 09:12

Iker Irazabal, lapurrek indarrez zabaldutako leihoak dituen markak erakusten.

Domingo iturbe kaleko etxe atxikietan ez dakite zer gehiago egin. Azken hiru asteotan, gutxienez, bost etxetan sartu dira lapurrak. Lapurreta txikiak egiten dituzte; nabarmen handiagoak dira kalteak eta bizilagunen artean zabaldu den kezka.

Aste gutxiko epean bi aldiz sartu dira Iker Irazabalen etxean. Domingo Iturbe kaleko etxe atxikietako batean bizi da, eta ez da kasu isolatua; izan ere, hiru asteko epean, gutxienez, bost etxetan sartu dira lapurrak. "Saiakerak gehiago izan dira. Lapurrek eramandakoagatik baino kezka handiagoa dut azkenaldiko gertaerek auzotarren artean sortu duten kezka eta beldurragatik", esan du. Auzotarrek ziurtatu dute lapurrak bariku eta eguen iluntzeetan joaten direla.

San Roke aldeko parketik lorategietara salto egin eta etxez etxe ibiltzen direla diote. Egon-gelako ateko kristala apurtuta sartu ziren lehen aldiz Irazabalen etxean. Palanka batekin goiko solairuko leihoa indarrez zabalduta sartu ziren aurreko eguenean. "Salaketak jarrita daude", azaldu du.

Lapurrak diru bila sartzen direla dirudi. Ez dituzte baliozko etxetresnak eta gailu elektronikoak eramaten. "Sukaldeetan ez dira sartu ere egiten. Gainerakoan, tiradera eta armairu guztiak begiratzen dituzte. Alabetako baten itsulapikoko dirua eraman dute azkenengo", esan du Irazabalek.

Kezka du, baita ere, Idoia Sernak. "Ez dira gure etxean sartu, baina barikua iristen denean beti pentsatzen duzu ea etorriko diren, ea sartuko diren... Uste dut hiru asteotan bost salaketa jarri direla. Auzotar batzuk oso aztoratuta daude, eta normala da. Guk alarma daukagu jarrita, beste batzuek bideo-kamerak ipini dituzte. Badira pertsiana autoblokeatzaileak jarri dituztenak ere".

Auzotarrek nahiko lukete atzealdeko parkean argiteria hobea egotea. "Oso ilun dago. Udalari aspaldi eskatu genion hor argia ipintzeko. Baietz esan ziguten, baina, oraingoz, ez dago ezer ipinita", azaldu du Sernak. Salaketak daudenean ertzainak sarriago pasatzen direla dio, baina denborarekin joateari utzi egiten diotela.

Parketik egiten dute salto lorategietara

Heskai handiak daude, baina lapurrek aurkitzen dute lorategietara salto egiteko modua. Hiru etxe atxiki multzo daude Domingo Iturbe kalean. Horietan izaten dira lapurreta saiakera gehienak. "Abenduko lehen astburuan hasi ziren lapurretak. Urtarrila lasai joan da, baina orain, ia astero gertatzen da zerbait", diote auzotarrek.

 

Etxe atxikien atzeko aldean dauden parkea eta pasealekua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak