Martxoaren 20an izango da mendi irteera. Arantzazutik Arkaitzera igoko dira, eta ondoren, Zerainera jaitsi. Han, Oiharte sagardotegian bazkalduko dute. Izena emateko azken eguna martxoaren 15a izango da. Prezioa: 35 euro bazkideek eta 40 bazkide ez direnek.
Soilik mendira joateko aukera ere egongo da –adierazi izena ematerakoan–.
"Irteera ez da gogorra, 15,5 km inguru. Arantzazutik abiatu eta Biozkorniako lepora joko dugu, hori izango da eguneko aldapa gogorrena, 650 m-ko desnibela 4 km-tan, ordubete pasatxoan igotzeko moduan. Hortik behera, berriz, dena behera Zeraineraino. Arantzazutik Biozkorniarako bidean Arkaitzera (1.312 m) igotzeko aukera egongo da. Gero, denok Biozkornian edo, eguraldiaren arabera, beherago elkartuko gara elkarrekin jarraitzeko Zeraineraino. Autobusa eguerdian zain izango dugu Zerainen, aldatzeko arropak eraman nahi izanez gero.
Eguraldi txarra eginez gero, Elgeta aldean egingo dugu bueltatxo bat eta gero sagardotegira joango gara. Bestelako informazioa kartelean dago, baina, zerbait argitu nahi izanez gero, jarri harremanetan gurekin. Badaezpada eraman dirua aldean, kukua ez da urruti ibiliko eta", azaldu du Kantsatzeke Mendi Taldetik.