PORNO vs AFRODITA (edo I ♥#gorkaurbizu) antzezlanarekin izango dira Elgetan Patricia Urrutia, Jon Zumelaga eta Juanjo Otero aktoreak. Emozioekin, harreman afektibo-sexualekin eta pornografiarekin lotutako gaiak jorratuko dituzte. "Izango da heziketa sexual eta afektiboa ardatz hartuta, helduei eta oraindik heldu ez direnei zuzendutako umorezko antzerkia. Dena, zuzeneko musikaz blai", azaldu dute antzerki konpainiako kideek.
Adituen esanetan, nabaria da haurtzaroan eta gaztaroa alderdi emozionalak eta afektiboak daukan garrantzia. "Gazteek ez dute eskolan informaziorik aurkitzen, eta beste nonbait bilatzen dute: Interneten eta pornografian. Han ikusten dutena euren harremanetara eramaten dute, eta horrek ondorio psikologiko eta fisiko larriak dakartza".
Antzezlanak ixtear den gaztetxe bateko azken kontzertuan kokatuko du ikuslea. Taldearen azken kontzertua ere izango da. Soinu-proba aurrera doan heinean, taldekideen eta euren inguruko umeen eta gazteen galderak eta pasioak hartuko dute lekua. Betiere, Porno eta Afrodita jainko-jainkosa basatien begirada apetatsuarekin.