Urteroko hitzordua da Elgetan, baina pandemia egoeragatik bertan behera gelditu da azken bi urteetan. Egoerak hobera egin du eta mendi martxa berreskuratzeko erabakia hartu dute antolatzaile lanak egiten dituzten Euskal Mendizale Federazioak, Elgetako Udalak eta Kantsatzeke mendi taldeak.
Ehundik gora mendizale elkartu izan dira Ibiltarien Jaian, eta, ia hilabete gelditzen bada ere, zabalik da mendi martxan izena emateko aukera. 08:00etan abiatuko da, Elgetako kiroldegitik, eta Intxorta, Erdella, Egoarbitza eta Azkonabitza izango dira ibilbidean. Amaitutakoan, parte hartzaileek erabilgarri izango dituzte kiroldegiko dutxak. Izen-ematea doan da, eta zabalik egongo da martxoaren 11ra arte Zirkuitua.com eta turismoa@elgeta.eus helbideetan.
24 kilometroko mendi martxa
Euskal Mendizale Federazioak antolatzen duen iraupen luzeko ibilaldien amaierako ospakizuna izan ohi da Elgetakoa. 2020ko zirkuitua bat batean gelditu zen bertan behera pandemiarengatik, eta 2021ekoa ez zen egin. Hala, aurten ez da diploma banaketarik egingo Ibiltarien Jaian. Gauzak ondo bidean, 2022ko zirkuitua martxoan abiaraziko dute, Aizkardiko ibilaldiarekin.