Aurreko astean pornografiaren argiak eta itzalak aztertu ostean, aste honetan ipuin erotikoen txanda izango da liburutegiak antolatutako Bibliobero zikloaren barruan. Ixabel Agirresarobe ipuin kontalari usurbildarrak hainbat kontakizun pikante egingo ditu; betiere, umorez jantzita. "Nik beti sartzen dut umorea, eta erotismoarekin egin daiteke umorea. Nola ez!".
Emozio uholdea da erotismoa: bihotz taupadak, desioa, pasioa, laztanak, esperimentazioa... Baina baita ere desilusioa, hanka sartzeak eta esperientzia gazi-gozoak. Aurretik ere Elgetan izandakoa da Agirresarobe. "Umeekin eta helduekin egin ditut saioak. Kosta egiten da, oraindik ere, helduak ipuin saioetara gertu- ratzea. Ez da Elgetako kontua bakarrik. Ea oraingoan anima- tzen den jendea", esan du.
Mintzapraktika astelehenean
Euskarazko mintzapraktika egin nahi dutenek aukera polita dute astelehenean, liburutegian Bidelaguna zure zain egitasmoaren beste saio bat izango baita. Orain arte ez du esperotako erantzunik izan, eta ikasturteko azken saioa izango da. Bidelagun bat izango da liburutegian, 18:30etik 19:30era. Mintzapraktika egin nahi duen oro joan daiteke solasaldia egitera.
Liburutegikoek jakinarazi dute, bestalde, atzeratu egin dela Amaia Elizagoienekin eguaztenean hastekoa zen ikastaroa. Bederatzi lagun daude izena emanda. Ahal bezain pronto jarriko dituzte data berriak.