Atzo eratu zen Elgetako Korrika batzordea. Debagoieneko Korrika koordinatzaile Ikuska Lizarraldek gidatutako batzarrean, batzordea eratzeaz gainera, lehenengo lan ildoak adostu zituzten. Hala, martxoaren 2rako deitu dute hurrengo Korrika batzarra. Udaletxean izango da, 18:30ean. "Batzordea zabalik dago parte hartu nahi duen ororendako, eta herriko jendea animatu nahi dugu bertan parte hartzera", azaldu du Lizarraldek.
Arropa salmenta
Korrikarekin lotuta herrian egingo den lehenengo ekintza Korrika salmenta postua martxan jartzea izango da. Hala, herrian bertan Korrikako materiala erosteko aukera izango dute elgetarrek martxoaren 3an eta4an, 18:00etatik 19:00etara, plazan. Eskola atarian ere jarriko dute postua, martxoaren 4an, 15:45etik 16:30era. Erosketa online ere egin daiteke, Korrika.eus atariko dendan.
Lehenengo proposamenak
Korrika martxoaren 31n abiatuko da Amurriotik eta apirilaren 10ean helduko da Donostiara, Euskal Herri osoan bi mila kilometro baino gehiago eginda. 2022ko Korrika ez da Elgetatik pasako baina elgetarrak ekimenarekin bat egitera gonbidatu dituzte Korrika Txikia, Korrika Kulturala eta halako ekimenak bultzatuz. Atzoko batzordean hainbat aukera aztertu ziren, eta izango da lantzeko aukera. Apirilaren 1ean helduko da Korrika Debagoienera.