Dagoeneko zabaldu da albistea inguruko rider-en artean: Elgetako Piñu-koku taldeak II. enduro martxa antolatzea erabaki du, eta Pazko asteko zapatuan egingo dute, apirilaren 23an.
Antolatzaileek aurreratu dute 2019an egindako martxaren oso antzerakoa izango dela, baina ibilbide berriarekin. "Ez da duela bi urtekoa izango. Aldatu egingo dugu, hori da asmoa. Beste pista batzuk aukeratuko ditugu". Distantziari eta zailtasun mailari dagokienez, 30 bat kilometroko luzera eta 1.500 bat metroko desnibela aipatu ditu lantaldeko Etor Garatek.
Berrikuntzen artean anoa-puntuaren kokapena aipatu behar da. "Aurrekoan, Aixolan kokatu genuen, baita mekanika postua ere. Aurten, ideia da herriko plazan egotea". Horrek aukera ematen du probari ikusgarritasun handiago emateko; izan ere, rider-ak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute herritarrek ere.
Duela bi urte antolatutako enduro martxarekin egin moduan, ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea. "Egunean bertan etorri, eta orduan egingo da", azaldu du Garatek.
Piñu-koku taldeak 2019ko apirilean egin zuen I. enduro martxa. Proba arrakastatsua izan zen; 120 bat rider bertaratu ziren. "Aurten ere apirilean egingo dugu. Aste Santuko jaiegunak ondo etortzen dira azken detaileak josteko. Proba belarra altxatzen hasi aurretik egitea ere garrantzitsua da. Garbiketa lan gutxiago guretzat!".
Mendi lasterketa martxoan
Intxortako Ahuntzak taldeko kideek, berriz, martxoaren 27rako iragarri dituzte bi mendi lasterketa: Ahuntzen lasterketa 16 urtetik gorakoendako eta Antxumeen lasterketa 12-16 urte artekoendako. Pozik dira; izan ere, erantzuna ona izan da. Nagusien lasterketarako jarritako 200 dortsalak astebeteko epean banatu ziren. Gazteen lasterketarako 31 dortsal gelditzen dira. "Hemeretzi daude izena emanda. Gustatuko litzaiguke gehiago izatea", azaldu du Eleder Lozanok. Herrikrosa.eus atarian dago izena emateko aukera.
Gauzak ondo egin nahi dituzte Intxortako Ahuntzak taldean, eta horretarako ari dira lanean. "Aurreko astean hasi ginen pista batzuk garbitzen", azaldu du Lozanok. "Piñu-koku taldekoen laguntzarekin aritu ginen. Herritarrak ere laguntzeko prest ikusten ditugu. Milesker denei!".