Sormenezko blokeoei buruz idatzi du Carlota Alfarok

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko abe. 17a, 11:13

Carlota Alfaro Ortega, kaleratu berri duen liburuarekin.

Liburuak Eres una escritora creativa y lo sabes du izenburua. Emakumeei zuzenduta dagoela azaldu du Carlota Alfaro Ortegak. Aurretik idatzitako beste zazpi libururen egilea da; horietatik lau fikziozkoak dira.

"Liburua zentratzen da idazketarekin lotutako blokeoetan, baina uste dut proposatutako hausnarketak eta teknikak baliagarriak direla edozein sormen prozesutan gertatzen diren blokeoei aurre egiteko. Autolaguntza liburu bat da, eta hiru zati ditu: sormen prozesua zer den azaltzen dut lehenengoan, blokeoen arrazoiak zeintzuk izaten diren azaltzen dut bigarrenean, eta, azkenik, halakoetan aplikatzeko teknikak ematen ditut", azaldu du Alfarok.

2017an hasi zen liburua idazten: "Blokeo egoera batean nengoen, eta nire bilaketak egin nituen. Teknika batzuei esker buelta eman nion egoerari, eta idatzi nuen La reina tortuguera, fikziozko nire laugarren eleberria. Gero bukatu dut liburu hau. Nire sormen blokeoetatik ika- sitakoak jasotzen ditut bertan".

Blokeo egoeren zergatiak

Alfarok argi dauka sortzaileak atseden-uneak ere behar dituela: "Emakumeak, gainera, ziklikoak gara; on zikloak eta off zikloak ditugu. Produktibitatearen gizarte honetan, ordea, gaizki ikusita dago geldirik egotea. Emankorra izan behar duzu une oro, eta ezintasun eta estres maila handiak sortzen ditu horrek. Eragina du autoestimuan, jasaten dugun presio mailan, eta, azkenean, blokeoa dator. Berdin du alorra zein den. Edozein lanpostutan sortzen diren arazoei aurre egiteko irtenbideak topatu behar dira, eta sormena da aterabideak aurkitzeko bide nagusia. Blokeo egoerak gertatzea oso ohikoa da".

Blokeoei aurre egiteko teknikak

Barruko haurrarekin lan egitea, blokeatzen gaituzten beldurrak lantzea, ditugun uste mugatzaileak identifikatzea eta gainditzea... Barrura begirako lan handia egin behar dela dio Alfarok, eta bide horretan laguntzeko jarraibideak ematen ditu argitalpenaren azken atalean. "Goizeko errutinak, yoga-teknikak, idazketa automatikoa, baieztapen positiboak errepikatzea... proposatzen ditut. Nik beste egile batzuetatik ikasitako teknikak dira, eta niri on egin didate". Liburua udal liburutegian mailegatu daiteke, eta salgai dago egilearen blogean zein Amazon plataforman.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak