Zer dela-eta aukeratu duzue Karraju izena?
Bizkai aldean etxe barruetan dagoen harrera-gela edo korridorea da karrajue, eta atondu dugun espazio hau, azken finean, hori da: leku bat non bat egiten duten gure mundu guztiek –garagardoa, zeramika...–. Bidegurutze bat da.
Eta irekiera gaur da.
Ez dugu inaugurazio hitza erabili nahi, baina publikoki zabalduko dugun lehenengo eguna izango da. Hortik aurrerako gure ordutegia zein izango den ez dakigu, oraindik, ziur. Joango gara eguneroko ordutegia zehazten. Bihar, zapatua, eguerdi aldera egongo gara zabalik.
Zer egongo da Karrajun?
Baobeer garagardoekin batera estatu mailakoak diren beste artisau-garagardo asko egongo dira bertan. Gehienak Kataluniakoak dira, egia esan, eta Euskal Herrikoak ere badaude. Belgikako eta Alemaniako garagardoak ere izango ditugu. Horrekin batera zeramika-lanak ere izango dira: portzelanazko apaingarriak, belarritakoak... Oroigarriak, gehienbat. Artearekin lotutako portzelanazko plaketan egindako lanak ere izango dira, eta bertan egindakoak. Portzelana zeharrargia da eta erliebearekin egiten ditugu. Ikusgai egongo dira Karrajun. Pertsonalizatuak ere egingo ditugu erretratuekin, urteurrene- tarako eta abar.
Aspaldi hartu duzue lokala zabaltzeko erabakia?
Berez, bagenbiltzan lokala erabiltzen, baina atondu barik. Garagardoaren munduan, ordea, salmenta zuzenerako puntua edukitzea oso garrantzitsua da. Ikusiko dugu jendea Elgetaraino igotzera animatzen den. Jarraituko dugu, orain moduan, Baobeer garagardoen banaketarekin, baina gainerako produktuak eskuratzeko bertara etorri beharko da.