Gaur itxiko du kioskoa Julian Markiegik

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko abe. 3a, 08:21

Administrazio kontuak direla-eta goizetako prentsa salmentarekin jarraituko du egun batzuetarako, baina arratsaldetako goxoki salmentak gaur izango du azken eguna. Prentsa salmentari dagokionean asmoa da, aurrerantzean, zerbitzu hori Goikoetxe harategiak ematea.

62 urte ditu Julian Markiegik, eta 35 egin ditu Elgetako kioskoan goxokiak eta prentsa saltzen. Aitarengandik jaso zuen negozioa 1994an, 27 urte zituela. "Aitak aitxitxarengandik jaso zuen. Urte asko dira negozio honetan gaudela", esan du Markiegik. Lanerako ezintasun iraunkorra onartu diote eta gaur, abenduak 3, itxiko du kioskoa. Inongo zalantarik gabe herritarrek, eta batez ere neska-mutikoek, sumatuko dute itxiera.

Markiegiren asmoa zen zeregin guztiekin amaitzea, tartean prentsa salmenta ere bai, baina azken orduko kontuak direla-eta –baimen administratiboak tarteko– egun batzuetara jarraitu beharko du goizeko jarduerarekin. "Asmoa zen prentsa salmenta Goikoetxe harategiak hartzea, eta horrela hitz eginda genuekan, baina atzo esan ziguten baimenak eta beste tramitatu behar direla, eta jai egunak datozenez egun batzuetarako kontua izango dela. Ez dakit zenbat egun izango diren, baina goiz batzuk egingo ditut hemen oraindik".

35 urte kioskoan

Estima handia diote Julian Markiegiri herrian, eta kioskoak bere funtzioa bete du urteetan. Langile fina, urte hauetan guztietan gutxi izan dira urtean zehar atsedenerako hartu izan dituen egunak; abuztuko oporrak eta jai egun oso seinalatu batzuk. 

Askok dute gogoan gaur egungo kioskoaren aurretik San Roke kalean zegoen kiosko txikia. "Nik estreinatu nuen", gogoratzen du Markiegik. 2013ko uztailean aldatu zuen Udalak. Handiagoa, modernoagoa eta erosoagoa jarri zen aurrekoa kenduta; gaur egungo kioskoa, hain zuzen ere.

Erreleboa topatzea, zaila

 "Bateren batek kioskoa hartzea zaila izango da", azaltzen du Markiegik. "Gehienbat prentsaren salmentarekin atera izan dut nik niretzako beste. Goxokiena ez da negozioa gaur egun; batez ere, pandemiaren ostean", azaldu du. 

Markiegik azaltzen du urtebetetzeen ospakizunak bertan behera utzi izana asko sumatu duela. "Azkenaldian bateren batzuk hasi dira atzera ere, baina gutxi. Bada jendea goxokiak kanpotik ekartzen dituena ere... Gero daude argindarraren prezioaren igoera, produktuen prezio igoera... Kontuak kontu goxokietatik bakarrik ezin daiteke bizi, gaur egun, Elgetan".

Udala jakinaren gainean dagoela esan du Markiegik. Ikusteko dago, beraz, kioskoarekin zer gertatuko den.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak