Uretako motorren munduko txapelketan mekanikari lanetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko aza. 5a, 12:29

Mikel Fernandez de Arroiabe, Andoni Gutierrez eta Mikel Beretxinaga, Mallorcan.

Sea Level taldearendako asistentzia lanak egiten izan da Mikel Beretxinaga elgetarra, eta lehiaketa irabazita itzuli dira Mallorcatik.

"Ez naiz mekanikaria, baina ondo moldatzen naiz motorrekin, eta zazpi bat urte diziplina honetan lehiatzen diharduen Andoni Gutierrez abadinarrak eskatuta izan naiz Mallorcan jokatutako txapelketan", azaldu du Mikel Beretxinagak.

Urriaren 17tik 24ra izan da Balearretako uhartean abentura berean eta antzerako betebeharretan lagun izan duen Mikel Fernandez de Arroiabe gatzagarrarekin batera. "Esperientzia oso ona izan da. Konfiantzazko jendea behar zuten asistentzia lanak egiteko, eta ondo moldatu gara taldeko gainerako kideekin. Taldeko pilotuek, gainera, txapelketa irabazi dute. Ez dago gehiago eskatzerik!".

Andoni Gutierrez (Abadiño) eta Enrique Garcia (Altea) izan dira txapelketa irabazi duten Sea Level taldeko bi pilotuak. "Lehenengo egunetik izan genituen arazo mekanikoak; dezentekoak, gainera. Pentsatu genuen ez genuela txapelketa amaituko, baina jakin genuen buelta ematen. Gero, itsasoa gaiztotu egin zen, eta Gutierrez hobeto moldatzen da horrelakoetan".

Otsailean Karibera

Abenturak jarraipena izango du, ziurrenik. "Eskatu digute otsailean Karibeko Guadalupe artxipelagoan jokatzekoa den txapelketara joateko", azaldu du Beretxinagak. Antzerako lanak egitera joango dira Fernandez de Arroiabe eta biak. Gustura, gainera. Bien bitartean, hurrengo auto lasterketa prestatzen dihardu elgetarrak; Azpeitian du jomuga, hilaren 27an.

Mallorcako abenturaren inguruko xehetasun gehiago gaurko Puntua aldizkariko Motorra atalean jaso du GOIENAk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak