Pandemiak eragindako etenaldiak luze jo du, baina Xalbadorpe elkartean ere hasita daude ekintzak antolatzen. Azarorako prestatu dituzte lehen hitzorduak eta iaz egiterik izan ez zuten gaztaina-erre jana izango da lehenengoa. Azaroaren 5erako iragarri dute. Ozkarbi elkartean egingo dute, 17:00etan hasita. Mahaiaren bueltan elkartuko dira eta bazkide guztiak daude gonbidatuta.
Irteera Gasteizera
Gasteizera egingo dute, berriz, egun osoko txangoa azaroaren 10ean. Santa Maria katedrala eta XV. mendean eraikitako Hurtado Andatarren dorretxea bisitatuko dituzte goizean. Bazkaria eta arratsalde-pasa ere programatuta dituzte.
Parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena. Prezioa 30 euro da. Xalbadorpeko arduradunak Ozkarbi elkartean izango dira domekan, 11:00etatik 12:30era, izen-emateak jasotzeko.