Miren Ayertza: "Nerabeek taldean bizi dituzte gauza positiboak, baina negatiboak, bakardadean"

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko urr. 29a, 15:30

Guraso taldea Ayertzaren azalpenak entzuten, martitzenean.

Adikzioen prebentziorako formakuntza saioak antolatu dituzte eskolak eta Udalak elkarlanean. Aste honetan, bi saio egin ditu Harremanak Hezkuntza elkarteko Miren Ayertzak LH-6ko ikasleekin. Familiei zuzendutako hitzaldi bat ere egin du.

Dozena bat guraso elkartu ziren Harremanak Hezkuntza elkar- teko psikologo Miren Ayertzak martitzenean eskainitako formakuntzan. Adikzio bihurtu daitezkeen kontsumoei buruz hitz egin zuen, eta nabarmendu zituen bi bloke handi: drogak eta teknologia.

Gurasoen egitekoa bidean la- gun izatea dela azpimarratu zuen adituak, eta ohartarazi zuen pandemiaren eraginez aldaketa handiak ari direla sumatzen askotariko saioetan eta espazioetan gazteekin egiten dituzten dinamiketan. "Nolabaiteko etsipena eta nekea sumatzen ditugu, eta uda ostean bi jarrera orokor nagusitu direla esango genuke: alde batetik, kontrolik gabeko kontsumo baterako zein jarduera arriskutsuetarako joera nabarmentzen da. Ohikoa da adin hauetan, baina neurriz kanpokoa izaten ari dela iruditzen zaigu".

Justu kontrakoa ere gertatzen dela azaldu zuen. "Itxialdiaren ostean, gaztetxo askok beldurra edo bertigoa dute mundura ateratzeko, eta hobeto daude etxean pantailen aurrean. Ematen du ondo egokitu direla pandemiak eragindako egoeretara, baina ondorioak sumatzen ari gara eta komeni da gurasoek ere ja- kitea non kokatzen diren gure gazteak. Itxialdiak etapa ebolutibo konkretu batean harrapatu ditu, eta gauza asko galtzetik datoz haiek ere".

Ayertzak azaldu zuen nerabezaroa berez dela dolu garaia, baina pandemiak nabarmendu egin duela egoera hori. "Galera asko gertatzen dira nerabezaroan: gurasoen idealizazioa amaitzen da, gorputza aldatu egiten da, ardura berriak datoz eta haurtzaroaren amaiera da, baina helduen munduan guztiz sartu gabe... Horiei guztiei pandemia eta itxialdia gehitu zaizkie".

Prebentzio lana

Neurri gabeko kontsumoa izan daiteke askotariko substantziekin lotutakoa –tabakoa, alkohola...– zein teknologiarekin lotu- takoa. "Prebentzio lana egitea ez da debekatzea, baizik eta erabilera arduratsua egiten erakustea eta gara daitezkeen menpekotasunen inguruan ohartaraztea. Gazteek ulertu behar dute denok ez ditugula predisposizio berberak: batzuek jarduera batetiko mendekotasuna garatuko dute eta beste batzuek, berriz, oso bestelako jarrerak izan ditzakete. Horregatik, prebentzio lana, debekuak ezartzea baino gehiago, gaitasun konkretu batzuk garatzen laguntzea da. Esaterako, landu behar dira erabakiak hartzeko gaitasuna, autokontzeptua, autoestimua, nortasuna... Ezinbestekoak izango dira talde presioari aurre egiteko, eta familia egiturak garrantzi handia du honetan. Familia da haur baten lehen ingurune soziala. Esparru horretan iristen dira lehenengo gogobetetzeak, lehenengo frustrazioak, estimulazioa, gertutasuna, babesa... Hala, familiaren egitura oso garrantzitsua da, eta erreferentziazko helduak eredu izatea ere bai".

Sare sozialen indarraldia

Sare sozialak tribu bateko kide izateko modua bihurtu dira gazte askorendako. "Detektatzen ari gara oso kontuan hartu beharreko gai bat dela; izan ere, etengabeko frustrazio egoeran daude gazte asko. Une oro konektatuta egon beharrak presio handia dakar, eta espazio horietan erakusten diren estetikak eta bizi mailak ez dira gure gaztetxoen errealitatera gerturatzen, askotan". Beste gako garrantzitsu bat ere eman zuen Ayertzak. "Nerabezaroan gauza positiboak taldean bizi dira, baina negatiboak, bakardadean". Teknologia berez ez dela txarra esan zuen adituak, baina gaztetxoen jardunari jarraipena egin behar zaiola.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak