Aritz Ganboa Elgetan izango da domekan 'Bideak' ikus-entzunezkoa aurkezteko

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko urr. 23a, 13:30

Larequi, Ganboa eta Unanua. (Iturria: 'Bideak' dokumentala)

Mikel Unanua zuzendariarekin batera izango da antzokian, 18:00etatik aurrera. Eguerdiko poteorako gazta-pintxoak gertatuko dituzte tabernariek.

Aritz Ganboak 2019ko urrian egindako erronka ikus-entzunezko batean jaso zuen Xabier Unanuak zuzendutako lantaldeak, eta horrela jaio zen Bideak dokumentala. Ikus-entzunezkoa Elgetan izango da ikusgai domekan, eta bertan izango dira Aritz Ganboa zein Xabier Unanua zuzendaria.

Sakanako Arruazu herritik Erronkariko Izaba herrira egun bakar batean –27 ordu– egindako 170 kilometroko kirol erronka jasotzen du dokumentalak. Ganboa da hari-eroalea, baina bere ibilbidean makina bat natura-gune, herri, landa zein hiri bizimodu ageri da. Bertako ekoizleak eta produktuak ere bai. Hain zuzen ere, abiatu aurretik Arruazuko bere gaztandegian egindako 1,205 kiloko gazta sartzen du Ganboak motxilan. Idiazabal jatorri izenekoa da gazta hori, eta Izabara iritsitakoan Erronkari jatorri izena duen beste gazta baten truke aldatuko du.

Ikus-entzunezkoak, besteak beste, nekazaritzari eta abeltzaintzari ematen die balioa. Baita ere landa eremua kudeatuz sortzen diren produktuei eta horiek ekoiztuz sortzen diren inguruneei. Hain zuzen ere, ibilbidean zehar babest tako natur parkeak zeharkatzen ditu Ganboak, eta artzaintza eta kirola abiapuntu hartuta ondarearen bilketa eta grabatze lana ekarri du Bideak dokumentalak.

Bideak Elgetako Espaloia kafe antzokian ikusteko aukera izango da domekan, 18:00etan. Emanaldia amaitutakoan ikus-entzuleekin solasaldia egiteko prest izango dira Ganboa eta Unanua. Sarrera doan da eta ez da beharrezkoa aurrez izena ematea.

Gazta-pintxoak tabernetan

Ez da pintxo lehiaketa izango, baina egoki ikusten duten tabernariek gazta-pintxoak jarriko dituzte salgai domeka eguerdiko eskaintzan. Norberak erabakiko du ze gazta eta nola gertatu. "Iluntzean ikus-entzunezkoa egongo denez, keinu bat egitea proposatu diegu herriko ostalariei", azaldu du Kultura zinegotzi Ane Bilbaok. "Eguna borobiltzeko modua izango da. Bakoitzak erabakiko du zer-nolako pintxoak eta nola aurkeztuko dituen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak