Ozkarbi elkarteko zuzendaritzaren aitortza jaso dute herrian odol-ateratzeak ahalbidetzen laguntzeagatik

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko urr. 22a, 10:29

Itziar Olabe, Carmen Ojanguren, Mariasun Agirre eta Eli Arantzabal omenaldia jaso berritan.
Itziar Olabe, Carmen Ojanguren, Mariasun Agirre eta Eli Arantzabal omendu zituen Ozkarbi elkarteko zuzendaritzak zapatuan. Erreleboa eskatu dutenean azaleratu da hainbeste denboran ia oharkabean pasa den lana. Elkartetik eskerrak eman dizkiete eta konpromisoa hartu dute zeregin horrekin jarraitzeko.

40 bat urte dira Elgetan odol-ateratzeak egiten direla. Hasiera haietan, Ozkarbi elkarteko zuzendaritzan zeuden hainbat lagunek hartu zuten Gipuzkoako odol-emaileen elkartearekin zubi lanak egiteko ardura. Ia lau hamarkada pasa dira, eta erreleboa eskatu dutenean azaleratu da hainbeste denboran ia oharkabean pasa den lana.

Aurreko zapatuan jaso zuten Ozkarbi elkartearen aitortza Mariasun Agirrek, Carmen Ojangurenek, Itziar Olabek eta Eli Arantzabalek. Esker oneko hitzak entzun zituzten. Txaloak ere jaso zituzten.

Elkarteko presidente Ana Gillegik hartu zuen hitza. "Guztiz oharkabean pasa den ardura izan da. Elkarteko batzarretan aipatu izan dira pilota saila, dantza saila... Baina honako hau ez, eta gaur egun zuzendaritzan gaudenok ez genekien elkartetik kudeatzen zenik ere. Ez genuke nahi horrelakorik berriz gertatzerik. Erreleboa hartzeko konpromisoa hartzen dugu, eta baita ere batzarrean gaia urtero tratatzeko konpromisoa". Gillegik ez zuen kasualitatetzat jo lau emakumek egindako lana igaro izana oharkabean, eta balioa emateko garrantziaz jardun zuen. "Lortu zutena da, nire ustez, udaletxera gerturatzen ginenok ondo sentiaraztea, baita lehen aldiz joaten ginenean eta zer egin eta nora joan ez genekienean ere. Bestetik, edozein arazo sortzen zenean, han zeuden laurak esku bat emateko, bateren bat mareatzen bazen hura artatzeko, merienda emateko edo tokatzen zen guztia egiteko".

Elgetako beste emakume batek, Kontxi Idigorasek, egindako margolanak jaso zituzten oroigarri modura Mariasun Agirrek eta Carmen Ojangurenek. Olabek eta Arantzabalek, orkidea bana.

Pozik jaso zuten aitortza lau emakumeek. Bidean lagun izan dituzten guztiei eskerrak eman eta Elgetako odol-emaileei eskatu zieten orain arte moduan odola ematen jarraitzeko; izan ere, garrantzitsua da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak