Itzalen antzerki laborategia egingo dute bihar liburutegian

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko urr. 14a, 13:41
Itzal laborategian sortutako pertsonaiekin jolasean. (Zurrunka Teatro)

Eguaztenerako, aldiz, eLiburutegiak ematen dituen zerbitzuen berri jasotzeko ikastaroa dago antolatuta.

"Itzalak argia behar du, eta argiak itzala", azaltzen du Zurrunka Teatro taldeko kide Eñaut Gorbeak. Itzalen antzerki laborategiko ordu eta erdiko bina saio gidatuko ditu bihar Elgetan.

Liburutegiak antolatuta, 16:30ean hasiko da LH-1eko eta LH-2ko neska-mutikoendako saioa, eta 18:30ean LH-3ko eta LH-4ko umeendakoa. Lehen saioa bete egin da eta bigarrenerako bizpahiru leku geratzen dira, lerrook idazterako orduan. "Agian, munduko antzerki mota zaharrena da honako hau. Litekeena da suaren argiak kobazuloetan sortutako itzalekin hasi izana", azaltzen du Gorbeak. "Garai batean mundu osoan zabalduta egon zen, debekatuta ere bai beste batzuetan".

Haurren irudimena, jolasa eta sormena pizteaz gainera, bolumenak, geometria eta espazioaren kontzientzia lantzeko aukera ematen duela dio. "Haurrek nahi dituzten elementuak sortuko dituzte gero oihalaren atzean inprobisatzeko eta esperimentatzeko".

Ikastaroa: eLiburutegia

Hilaren 20rako, berriz, eLiburutegiak ematen dituen zerbittzuen berri jasotzeko ikastaroa dago antolatuta. Geaxi Ezpeletak gidatuko du, eta zerbitzuaren erabilerari buruzko argibideak emango ditu. "Pandemia hilabeteotan asko hazi da erabiltzaile kopurua. Igoera orokorra izan da, eta Elgetan ere nabaritu da", azaldu du Ezpeletak.

Internetez liburu elektronikoak, filmak eta ikus-entzunezkoak mailegatzeko Eusko Jaurlaritzak sortu, mantendu eta herritarren esku jartzen duen mailegu zerbitzua da eLiburutegia. 18:30ean izango da. Aste honetan zabaldu du izen-ematea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak