Gutunak bidaltzeko bi postontzi daude herrian: bata Mendizaleen plazan eta bestea Andra Mari plazan. Hirugarren aukera da postaz bidali beharrekoak zuzenean San Roke kalean dagoen bulegora eramatea.
Telefonoaren zein Interneten garapenarekin posta arrunta bidezko mezularitzak behera egin du nabarmen. Horren ondorioz, Correos-ek nabarmen murriztu ditu kale-postontziak. Elgetan, ordea, biek jarraitzen dute erabilgarri, eta antzinatasuna dela-eta balio berezia du Mendizaleen plazan dagoenak.
Antzerako beste hiru Gipuzkoan
Correos-eko antzinako dokumentuetan jasotzen da 1762an jarri zirela lehen postontziak kalean. Hormen kontra jartzen ziren –gehienetan, posta bulegoetan–, eta erabiltzaileek postariaren zain egon beharra saihesteko.
Ez dago Elgetako postontziaren antzinatasunaren erreferentziarik, baina Correos-etik ziurtatzen dute bere ezaugarriengatik Gipuzkoako zaharrenetakoa dela. Postontziak berritzen joan dira, eta horien forma, kolorea, dekorazioa zein materialak aldatzen joan dira. Oraindik ere, ordea, erabilgarri daude modernizazioaren eta uniformizazioaren olatuari ihes egitea lortu duten lau postontzi Gipuzkoan; tartean, Elgetakoa. Besteak Lezon, Errenterian eta Azpeitiko Urrestilla auzoan daudela azaldu dute Correos-etik.
Itxura berrituta, abuztutik
Abuztuan mantentze-lan txukuna egin diote Elgetako postontziari. Halakoetan boluntario gisa ibili ohi diren bi lagun izan dira, eta lau joan-etorri egin dituzte Donostiatik. Postontzia ondo lixatu, minio-inprimazio antioxidatzailea eman, eta margotu egin dute. Postontziak dituen osagaiak ere txukunduta daude. Hala, gutun-azal forma duen plakatxoa, Correos dioena, eta zerbitzua egunero ematen dela adierazten duten osagaiak ere berrituta daude.
Lezoko postontzia

Udaletxean dago, fatxadako lau zutabeetako batean. Forma obalatua duen bakarra da, eta herriko armarria darama.
Errenteriako postontzia

Horma-postontzia da honako hau ere, eta udaletxeko sarreran dago, erdi-erdian dagoen arkuetako batean.
Azpeitiko Urrestilla auzoko postontzia

Letoizkoa da eta eskala handian egin zen lehen modeloa da. Landa-eremuetan erabili izan da batez ere eta orain gutxira arte.