Bost eguneko egonaldi artistikoa egin dute Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko ira. 10a, 13:45
Belen Cruz, Oier Zuñiga eta Eneko Gil aktoreak Espaloia kafe antzokian.

Belen Cruz, Oier Zuñiga eta Eneko Gil aktoreak Espaloia kafe antzokian izan dira lanean egunotan. Eresia izeneko antzezlanaren sorkuntzan dihardute, eta Geuretik sortuak bekak ahalbidetuta izan dira herrian. Antzuolan eta Bergaran izango dira hurrengo. Urtarrilean itzuliko dira Elgetara, sorkuntza amaitzeko eta jendaurrean eskaintzeko.

Astelehenean heldu ziren Elgetara eta barikura arteko egonaldia egin dute Udalak lan-lekua eta lo-lekua eskainita. Hurrengo asteetan Antzuolan eta Bergaran jarraituko dute prozesuarekin; izan ere, hiru herriek elkarlanean eskainitako egonaldia izango da.

Oier Zuñiga aktorea eta margolaria da, eta lantaldearekin batera Eresia antzezlana sortzeko prozesuan da. Dolua gaitzat hartuta antzerkia eta dantza fusionatzen duen ikuskizuna sortuko dute. "Lanean hasi berriak gara eta ez dakigu oraindik ze forma hartuko duen", azaldu du.

Otsailean estreinatu gura dute obra berria, eta lantaldea urtarrilean itzuliko da Elgetara lehen emanaldiak hasi aurretik azken entseguak egiteko.

Geuretik sortuak egitasmoa

Euskarazko arte sorkuntzan eragiteko Udalbiltzatik bultzatutako Geuretik sortuak beka-deialdiak ahalbidetu du egonaldi artistikoa. Elgetako Udalak, esaterako, 8.045 euroko ekarpena egingo du bi urteko epean. Ekarpen horren trukean Eresia antzezlanaren emanaldia, eta beste lau kultura hitzordu izango dira herrian. Hain zuzen ere, Geuretik sortuak ekimenaren baitan sorturiko beste hiru antzezlan eta liburu baten aurkezpena izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak