Elgetako landetxeak ia beteta egon dira udan

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko ira. 3a, 08:53

Schijndel talde herbeheretarreko txirrindulariak, Eguzkitzan. (Argazkia: Maider Dacosta Claro)

Maialden, Eguzkitzan eta Barrenenguan ez dute bisitari faltarik izan uztailean eta abuztuan. Iazkoaren aldean, okupazio mailak gora egin du nabarmen, eta ia beteta egon dira hirurak. Bisitari gehienak kataluniarrak izan dira. Atzerritarrak ere ibili dira.

Abuztuan bete dituzte hamar urte Maialde landetxean Jesus Kalboetxeagak eta Izarra Arriaranek. Nola ez, sumatu dute pandemiaren eragina eta oraindik ere badute kezka etor daitekeenarekin, baina uda ondo joan dela azaldu du Kalboetxeagak. "Iazkoa oso urte arraroa izan zen; jendea ez zen mugitu. Aurten, abuztuko okupazio maila %95-98 izan da eta uztaila abuztua baino hobea izan da".

Kataluniarrak eta madrildarrak izan dira nagusi. "Alacantetik eta Valentziatik gero eta jende gehiago etortzen da, eta aurten andaluziarrak ere izan ditugu. Atzerritarrak ere etorri dira. Asko ez, baina egon dira batzuk; frantziarrak, herbeheretarrak eta alemaniarrak bizpahiru egunerako".

Muturreko bero bolada aldian dei asko jaso dituztela ere azpimarratu du. "Deigarria izan da, baina beteta geunden. Ez genuen inor hartzerik".

Irailean ere badabil jendea. "Asko jaitsi da, baina erreserbak hartzen jarraitzen dugu. Asteburu honetan beteta gaude, eta hurrengoa ere bai ia-ia".

Eguzkitzan ostalari berria

Uztailaren 1etik Maider Dacosta Clarok kudeatzen du Eguzkitza landetxea. Hogei urte egin ditu bulego batean lanean eta ofizio berria du, baina lehen udaldia ona izan dela azaldu du. "Abuztua beteta eduki dut eta uztailean %60ko okupazioa. Bisitarien %85 kataluniarrak izan dira. Frantziarrak eta madrildarrak ere egon dira".

Schijndel talde herbeheretarra ere Eguzkitzan izan da. Abuztu amaiera aldean izan da hori. Gazte mailako Nations' Cup lehiaren barruan Abadiñon eta Iurretan jokatutako bi etapetan lehiatu dira. Bigarren etapa eta sailkapen nagusia eraman ditu taldeko Mijntje Geurts txirrindulariak.

Barrenengua nekazaritza etxea

Barrenenguan ere hartu dute jendea udan. "Iaz ez nintzen animatu pandemia zela-eta, baina aurten bai, eta oso ondo joan da", azaldu du Maite Sadak. "Kataluniarrak eta valentziarrak izan dira gurean. Familian etorri dira eta bost bat eguneko egonaldiak egin dituzte". Pandemia egoerak eraginik izan duen galdetuta azaldu du garbiketa eta desinfekzio lanetan sumatu duela aldea baina bisitariak oso ondo errespetatu dituztela ezarritako neurriak. "Informazio turistikoa emateko eskuliburu digitala jaso genuen Gipuzkoako Foru Aldunditik eta hori ere asko eskertu dute".

Bisita gidatuetan 40 lagunetik gora

 
Udan hainbat bisita gidatu ere egin dira Intxortako ibilbide tematikoan. Bisitarien artean izan dira Debako gazte asanbladako kideak zein Kataluniatik eta Andaluziatik etorritako hamasei laguneko taldea; tartean, Elgetan borrokatutako Saseta batailoiko komandante Ander Plazaolaren alaba bere senideekin. Domekan ere bisita gidatua egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak