Oihana Kortazarrek zilarra Munduko Txapelketako kilometro bertikalean

Xabier Urtzelai 2021ko uzt. 9a, 15:00

Uztailaren 8tik 11ra bitartean Vall de Boin (Lleida) dabiltza jokatzen Munduko Txapelketa –Skyrunning Buff Mountain Festival– eta gaur, egubakoitza, egin duten kilometro bertikaleko lasterketan Oihana Kortazar elgetarra bigarren sailkatu da. Bihar atseden hartu eta gero domekan izango du hurrengo hitzordua, 42 kilometrotako Sky proba. Irudiak: FEDME.

Duela hilabete batzuk Harmailatik saioan egindako elkarrizketan Oihana Kortazarrek aitortu zuen uztailaren egunotan Lleidan jokatu behar zuten Munduko Txapelketa gorriz zeukala egutegian markatuta. Bada, gaur 10:00etan hasita kilometro bertikaleko proba egin dute eta elgetarra bigarren sailkatu da emakumezkoen kategorian. Hala, dagoeneko klasikoa bilakatu den ibilbidea Barrueta kanpinean hasi dute, eta lasterkariak Roies de Cardet-era bidean 2100 metrora dagoen muinoraino igo dira, Cap de la Pala Sadornal-era. Hala, nabarmentzekoa da igoera horretako azken tramuan dagoen igoera tentea.

Bada, 24 lurraldetako 70 lasterkari inguruk hasi dute goizean lasterketa eta emakumezkoetan Txekiako Marcela Vasinova izan da onena (41:00) eta Kortazarrek hiru minutu gehiago behar izan ditu proba egiteko (43:14); hala, denbora horrekin munduko txapelketan zilarra irabazi du elgetarrak. Iris Pessey frantziarra izan da hirugarrena. 

Bihar, zapatua, ultratrail probaren txanda etorriko da baina Kortazarrek domekan jantziko ditu ostera ere korrika egiteko zapatilak, Sky modalitateko lasterketan. 07:45ean abiatuko dira maratoi distantzia izango duen proba egiteko (2817+) eta emakumezkoen kategorian elgetarrarekin batera aurrean egoteko beste hautagaiak dira Blandine L’Hirondel frantziarra, Emily Schmitz amerikarra, Sanna eta Lina El Kott ahizpa suediarrak eta Txekiako Marcela Vasinova.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak