Hirugarren aldiz jarraian neurtuko dituzte munduko mendi-lasterkari lehiakorrenek indarrak toki berean, eta hirugarrenez egongo da bertan Oihana Kortazar elgetarra Espainiako selekzioarekin. 2012an, kilometro bertikaleko proban urrea eta 42 kilometroko ibilbidean brontzea eskuratu zituen; eta 2016an, berriz, laugarren gelditu zen azken proba horretan.
Maratoiaren ibilbidea "aldiro" aldatzen dutela dio Kortazarrek, eta jadanik izan du joan-etorriari neurria hartzeko aukera, duela bi aste egon baitzen Vall de Boiko gailurretan entrenatzen. Aldiz, kilometro bertikala "beti berdina" izaten dela-eta Anboton ibili da asteon modalitate horretako igoera prestatzen.
Korrikalariak aurtengo Espainiako txapelketa eta Kopako lehen proba irabazteagatik lortu du munduko selekzioen aurka lehiatzeko eskubidea. Bere taldean bi probatan parte hartuko duen emakumezko bakarra izango da: "Gogotsu nago, azken urteetako lesioak atzean utzi eta onena emateko prest".