Erretiratuen urteko batzarrak zalantzak utzi ditu airean

Hasier Larrea 2021ko uzt. 3a, 10:26

Elgetako erretiratuak, iaz, Kontsumobideren ikastaroan.

53 bazkide inguru batu ziren Espaloian martitzenean. "Zoritxarrez", ez zen batzordekide berririk aurkeztu.

Aurtengo aktak eta diru-kontuak onartu eta gero, Xalbadorpe erretiratuen elkarteko zuzendaritzako kideek "penaz" jaso zuten batzordean sartzeko boluntariorik ez aurkeztu izana: "Bederatzi kidek osatzen dugu gaur egun, baina, jende berririk agertu ezean, orain daudenek laga egingo dute pixkanaka, hamar ur-tetik gora baitaramatzate hor sartuta askok", adierazi du elkarteko kide Jose Antonio Ojangurenek. Erretiratu gazteei animatzeko dei egin diete, bestela "oso garrantzitsuak diren herri mailako ekintzek behera" egingo dutelako. Hori gertatuz gero, berriz ere martxa hartzea "zail" ikusten dute Xalbadorpekoek.

Mugitzeko gogotsu

Epe motzera begira, ordea, irteeraren bat egin nahi dute uztail bukaeran edo irailean, osasun egoera hobera egiten ari dela ikusita. Datorren astean beste bilkura bat egingo dute zer eta nola egin aztertzeko: "Euskal Herriko edo Errioxako txokoren batera joan nahi dugu".

Era berean, udazken aldean hitzaldiak, txokolate-jana, txistorra-jana, Gaztaina Erre Eguna, Aste Kulturala, karta-jokoak eta bingoa antolatzeko gogoz daude Elgetako erretiratuak.

Bi bazkide berri

Espaloian egindako batzarrean elkartea osatzen duten 164 bazkideetatik 53 inguru agertu ziren: "Kopuru polita, kontuan hartuta Ozkarbin egiten genuenean 22 inguru batzen ginela". Are eta pozgarriagoa iruditu zaio Ojangureni jatorri uruguaitarreko bi pertsona agertu izana bileraren erdian, elkarteko bazkide izateko galdezka: "Bi urte daramate hemen bizitzen, eta herrikideekin harremanak sakondu nahi dituzte".

Aurten, guztira, lau bazkide berri sartu eta beste lau baja egon dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak